Asteazkenean aurreneko txinparta, sagardo berriak

Kronika - Erredakzioa 2017ko urt. 7a, 01:00

Hemen da 2017ko txotx denboraldia! Asteazkenean bertan emango diote hasiera Astiga­rragan, Sagardo Berriaren Egu­na ospatuz, 24garrenez.
Sagardoetxean hasiko da ekitaldia, eguerdiko 12:00etan, eta bertan aurkeztuko dituzte uzta berria, sagarraren eta sagardo berriaren ezaugarriak, eta sagardo munduko gertaera nagusiak, Jesus Mari Santos alkatearen eskutik.

Txotx irekiera Eneko Atxak, Zapiain sagardotegian
Ondoren, sagarrondo berri bat landatuko du aurtengo gonbidatu bereziak, Eneko Atxa sukal­dariak, Sagardoetxeko sa­gas­tian. Baina eguneko mo­menturik bereziena, txotx irekiera izango da: Zapiain sagardotegian elkartuta, aurreneko kupela irekiko du Atxak berak, «gure sagardo berria» oihu eginez. Eguerdiko 13:30etan hasiko da irekiera ekitaldia Za­pi­ainen, txalapartarien deia, sagar dantza eta sagardogileen soka dantzarekin.
Eta ondoren, denboraldiko lehenengo sagardotegi menua ere dastatuko dute bertan.

Irekiera herrikoia, Murgia jauregian arratsaldean
Arratsaldean, berriz, Murgia jauregira mugituko da festa. Sukaldaritza tailerra izango da aurrena, familientzat, sagardotegiko menua prestatzen ikasteko; 18:30etan hasiko da. Izenemateak eta informazioa: 943 55 05 75 telefonoan edo info@sagardoarenlurraldea.com emailera idatzita.
Eta tailerra bukatzean, txotx irekiera herrikoia egingo dute jauregian bertan, pintxo eta sagardo dastaketarekin, musika eta kantuekin... 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!