Beste urte batez, eta badira hiru, Bota bertsoa! egitasmoa jarri dute martxan, Dobera Euskara Elkarteak eta Iraulio Panttalone bertso eskolak. Bertso paper lehiaketa honekin, sagardotegien eta bertsoen arteko lotura berreskuratu nahi dute: «ez da kasualitatea, sagardogile asko bertsozaleak izatea. Horrek erakusten du, lotura haundia daukatela biek», azaldu du Arnaitz Lasartek, Larre Gain sagardotegikoa eta bertso eskolako kidea bera.
Ostegunean aurkeztu zuten egitasmoa, Lasartek berak, Doberako Nagore Zubitur eta Jexux Eizagirrek, eta bertso eskolako Eli Pagolak.
Aurtengo gaia, ‘Hau hego-haizia!’
Parte hartzeko kaxak, Hernani eta inguruko sagardotegietan jarriko dituzte. Papertxo batean bertsoa idatzi, eta kaxan uztea besterik ez da behar.
Hori bai, gaia ez da librea izango: Hau hego-haizia! gaiaren bueltan osatu beharko dute. «Gai irekiak jarri nahi izaten ditugu, konnotazio desberdinak dauzkatenak, bertsotan arituak ez direnek ere modu errazean egiteko, asko pentsatu gabe», azaldu du Pagolak. Eta animatu nahi izan ditu, etxean aritzen diren sasibertsolariak, parte hartzera. Hori bai, eskaera bat ere luzatu die denei: «bota bertsoa sagardoa edan aurretik, eta ez ondoren; bestela ez dago letra ulertzerik eta!».
Aurreko urtean, 180 bertso 20 sagadotegitan
Zubiturrek azaldu du, aurreko urtean 180 bertso jaso zituztela, eta 20 sagardotegik hartu zutela parte. Hain justu, sagardotegiek jartzen dituzte sariak. Zeini eman? Ez onenari bakarrik! «Bertso xelebreenari, letra onenari, errimarik gabeko bertso onenari... ere ematen diogu», azaldu dute. Aurten, martxoaren 31n egingo dute sari banaketa, 19:00etan Biterin.
«Lehiaketak saltsa sortzen du sagardotegian, eta hori oso polita da», nabarmendu du Lasartek; «bat animatzen bada, inguruko sei edo zazpi animatzen dira askotan!».