Sentsazio bereziarekin irekiko ditu ateak hilaren 25ean Zapiain sagardotegiak. Aurreneko aldiz egin da bertan txotx denboraldiaren hasiera. Hori ez da, ordea, sagardotegiaren erronka bakarra, Euskal Sagardoa egingo duten 35 sagardotegien artean baitago. Hala azaldu du, hain zuzen, Migel Zapiain sagardogileak.
Zapiainen egin ziren txotx denboraldiaren irekiera ofizialeko ekitaldia eta bazkaria. Nolatan?
Astigarragako irekiera Sagardun elkartea zenak, orain Sagardoaren Lurraldeak antolatzen du. Aurtengoa 24garren urtea da. Hasieran, intentzioa zen urtero sagardotegi batean egitea irekiera, baina batzuetan ezin zen, tamainagatik. Izan ere, arrakasta haundia dauka urtero, eta jendetza elkartzen da, 200 lagun inguru. Horregatik orain arte ez dugu guk antolatu; hau izan da aurreneko aldia. Azkenean, kupela batzuk mugitu behar izan ditugu, eta sartu gara!
Hala ere, esan beharra dago, txotx denboraldiaren hasierarekin lotzen dela beti, baina ekitaldia sagardo berriaren aurkezpena ere bada.
Irekiera haundia izan zenuten, baina nolakoa espero duzue denboraldia?
Krisi ekonomikoa hor dago, eta ezin da ahaztu. Gainera, jendearen ohiturak ere aldatu dira. Hori nabaritzen da batez ere mugimenduan: asteburu aldera jende asko izaten dugu gurean; astean zehar, aldiz, lasaiago gabiltza. Dena den, erreserbak egiteko deiak jaso eta jaso ari gara; anbientea bero-bero dago! Giro ona izango dugu, eta seguru nago jendeak erantzungo duela.
Erronka berririk ba al daukazue aurten?
Nobedade inportanteena da, eta batez ere, kontsumitzailearentzat oso interesgarria izango dena, bi kalitate marka izango direla: Euskal Sagardoa, bertako sagarrarekin egindakoa; eta Gorenak, orain publiko egin dena, kanpoko sagarrekin egindakoa. Biek izango dute bermatuta kalitatea, horretarako Fraisoro laborategiak egiten dituen kontrolen bitartez.
Euskal Sagardoa jatorri-deiturarako, 130.000 litro egin ditugu, eta etorkizunean, espero dugu bertako sagarra gero eta gehiago erabiltzea. Ekoizpen osoa hemengo sagarrarekin egitea baita erronka!
Urte askotako esperientzia daukazue. Jendearen ohiturak aldatu al dira?
Ohiturak aldatu dira, nahiz eta guk gauzak lehen bezain ondo edo hobeto egin, bai sagardoren produkzioan, baita gastronomia aldetik ere. Lehen, jende asko mugitzen zen astean zehar, hurrengo egunean lana bazuten ere. Orain, asteburuetan pilatzen da jende gehiago, orduan izaten da eromena.
Gure aldetik, oso harreman estua dugu gurera etortzen direnekin; hori horrela zen lehen, eta horrela izaten jarraitzen du gaur ere.