Larunbat eguerdietan izaten dute mugimendu gehien Gartziategi sagardotegian, Ander Lizeagak azaldu duen moduan. Hori da, behintzat, azken urteotako tendentzia: «aste barruan joatetik, asteburuetan etortzera pasa da jendea, eta batez ere, larunbat eguerdietan dago jarrita fokoa». Baina ez da Lizeagari atentzioa eman dion aldaketa bakarra: «jendeak bere ohiturak aldatu ditu; azpimarragarriena da, gaur egun jende gehiagok eskatzen duela eserita jatea».
Euskal Sagardoa: aurrerapausu haundia
Gogoz egingo dio aurre denboraldi berriari Gartziategi sagardotegiak: «aurreko urtekoaren berdina bada, pozik!».
Gainera, aurtengoari aurrerapausu haundiarekin ekingo diote Lizeagaren hitzetan, Euskal Sagardoa jatorri-deitura dela-eta: «sagardo mundu honi bultzada bat emateko garrantzitsua da, prestigiorako eta konfidantza emateko; baita sagardogileen arteko elkarlana sustatzeko eta baserritarrei laguntzeko ere».