Gaur hasten den txotx denboraldirako sagardotegia prestatzen jardun dira Itxas-Buruko kideak egunotan: dena garbitu, hozkailuak bete eta batez ere, kupelak betetzeko garaia dute. Aurten, gainera, berrikuntza batekin: «Euskal Sagardoa jatorri-deitura izatera bideratuta, hiru kupela bete ditugu. Horrek esan nahi du kontsumitzaileak bermatuta izango duela horiek %100 sagar autoktonoarekin eginda daudela», azaldu du Jose Luis Medrano sagardogileak.
«Jendeak lehen baino sagardo gehiago kontsumitzen du»
Besteak beste, jatorri-deiturarekin sagardoari «balio gehiago» eman nahi diote; izan ere, Medranoren ustez, «jendeak lehen baino sagardo gehiago kontsumitzen du, eta bermatu behar diogu edaten duen hori kalitatezkoa dela». Horrez gain, urteen poderioz ohiturak ere aldatuz joan direla onartzen du: «egungo gazteriak sagardo suabeagoa nahiago du, eta horretan saiatzen gara».