«Sagardo onaren sekretua kalitatezko sagarra da»

Kronika - Erredakzioa 2017ko urt. 14a, 01:00

GAUR  irekiko da Hernaniko txotx denboraldia, eta aurten zuenean emango duzue hasierako bazkaria. Nolako eguna espero duzue?
Egun berezia izaten da guretzat, polita. Plazan he­rritarrekin ospatzen dugu sagardo berriaren eto­rrera, hernaniarrak festa honen parte izaten dira eta hori ederra da. Ondoren, bazkaltzera elkartzen ga­ra, aurten, diozun bezala, gurean izango da. Orain urte batzuk ere Akarregin egin genuen aurreneko bazkaria, eta esperientzia polita izaten da. Aurten gainera bada nobedade bat: her­na­niarrei luzatu zaie gonbitea. Herriko eragile, talde, kirol taldeak.... etorriko dira. Denon festa izatea da helburua.

Akarregiko sagardoa preziatua da kontsumitzai­leen artean. 2016an Euskal Herriko II. Sagardo Txapelketa Herrikoia saria jaso zenuten, 200 la­gunek osatutako epaimahai herrikoiak auke­ra­tuta. Zer suposatzen dute halako sariek zuentzat?
Laguntza haundia da halako errekonozimendua jasotzea, eta gehiago, lehiaketa berean hainbeste sagardotegi egonda. Finalera iristea dagoneko bada saria, pentsa irabaztea!  

Zein da sekretua?
Kalitatezko produktuak erabiltzean dago sekretua: kalitatezko sagarra erabiliz gero, sagardoa ere kalitatezkoa etortzen da.

Aurtengo sagardoa gorputz eta kalitate onekoa dela azaldu zuten asteazkeneko aurkezpenean. Nolakoa da Akarregin aurkituko dugun sagardoa?
Hitz horiek ederki definitzen dute aurtengo sagardoa. Gorputz onekoa da, koloretsua. Egia da oraindik falta zaiola, baina zapore onekoa dator.

Uzta atzeratu izanak izango du zerikusirik beranduago etortzearekin, ezta?
Badu, bai. Normalean garai honetarako gehiago egin­da egoten da sagardoa; asteazkenean ere, As­ti­garragako irekieran, probatzerakoan, aipatu ge­nuen hori. Hala ere, esan beharra dago, normalean bere puntuan martxo inguruan egoten dela.

Aurtengo nobedadeetako bat da, baita ere, Euskal Sagardoaren sorrera. Bertako sagarrarekin ekoizteari ematen al diozue garrantzia?
Noski, guk ere bat egin dugu proiektu honekin. Aurten ordea, ez da urte ona izan bertako sagarrarentzat, eta ezin izan dugu kupel oso bat osatu. Kontuan izan behar da proiektu hau 15 urterako dela... Pozik gaude eman den pausuarekin, honetan sinesten dugu.

Bukatzeko, zertan bereizten da Akarregi?
Sagardotegi txikia da, eta horrek ahalbidetzen du gertuko harremana izatea bezeroekin, zerbitzu go­xoa. Gainera erdigunetik gertu gaude, beraz, oinez edo autobusean etorri daiteke, kotxea hartu gabe.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!