Hernaniko txotx denboraldia irekiko duzue, zuk eta Aranzadik. Nola jaso zenuten berria?
Alkatearen bidez jakin genuen, eta ezusteko ederra izan zen. Neronek azaldu nion aitorpen honek izan behar duela talde oso batentzako edo Aranzadi osatzen duten kide guztientzako, 1.500etik gora baikara. Urte asko eta belaunaldi asko izan dira lanean aritutakoak, eta gazteak ere kontuan hartu behar dira, ordezkatuko gaituztenak izango baitira.
Hernaniko fusilamenduak egin zirela 80 urte bete dira. Hori izan da txotx irekieran zuekin gogoratu izanaren arrazoia?
Orain urte batzuk ikertu genuen hori. Gero, ekitaldi instituzionalak iritsi ziren, Mikel Urkijoren liburuarekin batean, eta Euskal Herriko biktima zibil guztiak omentzeko hilerrian egin zen monumentuaren inaugurazioa, Lehendakaria ere bertan zela. Hernani erreferentzia da zentzu horretan, Gipuzkoako herri askotako 200 lagun baino gehiago erail baitzituzten bertan. Zentzu horretan, gogorarazi beharko diegu dagoeneko biktimen garaian gaudela.
Fusilatu zituzten 200dik gora lagun horiek aurkitzeko asmoz ireki zuen Aranzadik, 2003an, Hernaniko hilerriko kripta, baina ez zuen ezer aurkitu. Dezepzionatuta sentitu zineten?
Bai. Espero nuen biktima haiekin gertatutakoa hobeto argituko genuela, eta bereziki, frankistek eraildako euskal apaiz nazionalista batzuekin gertatutakoa argituko genuela, Jose Aristimuño, Aitzol apaizaren kasuan bezala; Ondarretako espetxe ezagunean egon zen. Kasu honi buruz Francisco Franco Fundazioan ere badute dokumentazioa!
Bestelako harremanik izan duzue Hernanirekin?
Aranzadiko bazkide asko dira Hernanikoak. Baina neri dagokidanez, gogoratzen dut ikerketa bat, Zikuñagako fabrikaren lursailetan zegoen ermitan Antxon Aguirre Sorondo etnografoak aurkitutako gorpuzki batzuena. Baina bestelako ikerketa arkeologiko eta ingurumen-ikerketak ere egin dira hemen. Eta ezin dira ahaztu Santa Barbarako arroiletan egindako entrenamenduak, gero espeleologia egin ahal izateko!
Aranzadiri esker ezagutu ditugu Urumea bailarako hainbat altxor. Badago gehiago?
Dagoeneko ikertu bada ere, iruditzen zait Fagollagako ankla fabrikak zeresana badaukala oraindik, eta ontzien eraikuntzarena, gai ezezaguna da askorentzat. Kosta egiten zait imajinatzea ontziak nabigatzen ibiltzen zirela marea altu zegoenean, Urumeatik itsasora atera ahal izateko!
Ematen al zaio garrantzia ikertzeari? Aranzadiren lana zabaltzen lagun dezake omenalditxo honek?
Onarpen sozial haundia dauka Aranzadik, eta Hernanik beti tratatu gaitu oso ondo. Erreferentzia gara, eta normala da zientziaren eta kulturaren artean dantzan dabiltzan ekintzetan parte hartzea; eta bietarako behar da, zabalkundea.
Eta Aranzadik eta Paco Etxeberriak, ezagutzen al dituzte sagardoaren bertuteak? Gustuko duzue?
Sagardogileek egindako ahaleginak errekonozimendu txikia izan du. Sagastiak mantendu eta berritzea ikaragarrizko lana da. Eta oso urrutiko sagarrak behar badira ere, sagardoak, oso modu profesionalean eginak, tradizioari lotutako interes komertziala izaten jarraitzen du, eta segiko du, nere ustez, beti.
Sagardotegiren bat bisitatuko duzu?
Gipuzkoarra naizen aldetik, obligazioa da, nahiz eta gutxitan egiten dudan, eta normalean, ikertzaileren baten bisita medio, beti eramaten baititugu sagardotegietara.