Txootx... kupeletik edalontzira, eta barrura 2017ko aurreneko sagardo tragoxka!

Kronika - Erredakzioa 2017ko urt. 14a, 01:00

Urtearen hasierarekin batera, gaur emango diote hasiera Hernaniko usadio zaharrenetakoari: txotx   edo sagardotegien denboraldiari, alegia. Gaur hasi eta apirilera bitarte, ateak irekiko dituzte Hernani eta inguruko sagardotegiek, eta bertan dastatu ahal izango da, batetik, aurtengo uztaren emaitza, eta bestetik, betiko sagardotegiko menua.
Azken urteotan bezalaxe, gaur emango diote hasiera ofiziala txotx denboraldiari; Plazan izango da, eguerdiko 13:00ean. Bertan, Paco Etxeberria eta Aranzadi zientzia elkartea izango dira protagonista nagusiak. Beraiek izango dira aurreneko tragoxka hartuko dutenak, eta «hau da gure sagardo berria» oihuarekin aurkeztuko dute sagar-muztio berria.

Hainbat zita, aurretik
Ez da, ordea, eguneko ekintza bakarra izango. Beste urteetan bezalaxe, irekiera festa moduan antolatu du Txotx Mahaiak, Udalaren, sagardogileen, Berriak elkartearen eta Kaxkoko bizilagunen elkar­lanarekin.
Goizeko 11:30etan hasiko da jardunaldia herri kirolen erakustaldiarekin. Ordubeteko saioan hiru  ekintza izango dira: hasteko, Joseba eta Udane Ostolaza aita-alabak harria jasoko dute eta aizkolariek 5 metroko altueran eta abiadura-proba egingo dute; eta ondoren, irudia egingo dute motozerrarekin.
Bitartean, trikitilariek kale-buelta hasiko dute 11:45etan, eta 12:00etan, Kalez Kale Kantariko kideek herriko kaleak alaituko dituzte hileroko doinuekin. 12:30etan bukatuko da dena, eta orduan bilduko dira herritar guztiak Plazan, txalapartarien  deiari kasu eginez.

Ekintza gehiago, aurrerago
Irekiera eguneko ekintzez aparte, urtero bezala, beste hainbat ekimen antolatu dira datozen hilabeteetarako. Otsailaren 9an Euskal Balezaleen triskantza dokumentala jarriko dute; martxoaren 11n izango da Sagar Lasterra krosa, eta apirilean, Sagar Martxa txangoa.

GAUR: Txotx denboraldiaren irekiera:
11:45-12:30 Trikitilariak, herriko kaleetan.
11:30-12:30 Herri kirol erakustaldia.
Saioa: Joseba eta Udane Ostolaza (aita-alabak) harria jaso­tzen + aizkolariek 5 metroko altueran eta abiadura-proba + irudia motozerrarekin.
12:00 Kalez Kale Kantari. Plaza Berritik abiatu eta kalejiran Plazaraino.
13:00 Txalapartariak.
13:00 Txotx irekiera ekitaldia.
14:30 Bazkaria, Akarregi Sagardotegian.

OTSAILAK 9: Euskal Balezaleen triskantza dokumentalaren emanaldia. Biteri kultur etxean.
MARTXOAK 11: Sagar Lasterra herri krosa.
APIRILA: Sagar Martxa, egun erdiko txangoa.
OTSAILA, MARTXOA ETA APIRILEKO
ASTEBURUTAN: Turismo informazio puntua, Bisita gidatuak, Tren Berdea, Pakete turistikoa, eta esperientziak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!