Abendu hasieratik giro ezin hobea izan da Goizuetako pilotalekuan. Aurreneko aldiz, Umore Ona Elkarteak Pilota Txapelketa antolatu du herrian bertan, eta dozenaka izan dira parte hartu duten pelotariak, bertakoak zein kanpokoak. Abenduaren 20a bitartean, hiru asteburutan jokatu dira jardunaldiak; eta final haundia joan den asteburuan izan zen.
Lau partidu, finalean
Final haundian, lau partiduz gozatzeko aukera izan zuten frontoira bertaratutakoek.
Umeen mailan bi partidu jokatu ziren: lagunartekoa eta final haundia. Lagunartekoan A. Salaberria eta M. Garmendia nagusitu ziren, 22-18, A. Sagardui eta O. Ruizen kontra. Finalean berriz, salaberriatarrak izan ziren nagusiak: J. Salaberriak eta M. Salaberriak irabazi zuten 18-14, X. Apezetxea eta E. Iturainen kontra.
Kimuen finalean ere, presente izan ziren Salaberria eta apezetxeatarrak; kasu honetan ere, aurrez aurre. A. Salaberriak eta Agestak eman zuten mailarik onena, eta berea izan zen txapela: 18-15 irabazi zuten O. Legarreta eta B. Apezetxearen kontra.
Azkenik, gazte mailako finalean, erakustaldia eman zuten Sein eta Etxeberriak;
erraz nagusitu ziren, 22 eta 7, Orbegozo eta Gartziaren kontra.
Saribanaketan izan ziren Jon Apezetxea ASPEko intendente goizuetarra, Axier Olaizola pelotari goizuetarra, eta Jesus Porrorron, Nafarroako Federazioko ordezkaria.
«Ikaragarria izan da herriko frontoian bizitu den giroa»
Txapelketaren aurreneko edizioa izan da jokatu berri dena, eta antolatzaileak pozik daude guztiek emandako erantzunarekin: «ikaragarria izan da asteburu hauetan guztietan bizitu den giroa. Eta bukaeran, finaleko partiduak ere, mundialak izan dira, partidu ederrak ikusi dituzte bertaratu direnek».
Esker hitzak ere izan dituzte antolatzaileek txapelketaren parte izan diren guztientzat: «eskerrak eman nahi dizkiegu berriz ere Txapelketan zehar laguntza eman diguten guztiei, epaile lanetan aritu diren boluntarioei, eta sari banaketara gerturatu direnei. Era berean, eskerrik asko astebururo etorri diren pilotariei eta frontoira partiduak ikustera gerturatu diren herritar zein kanpotar guztiei» Aurtengo arrakasta ikusita, datorren urtean ere txapelketa antolatu ahal izatea espero dutela azpimarratu dute antolatzaileek.
Zozketako zenbaki sarituak: bost
Bestalde, txapelketan saldu dituzten zenbakien artean, sarituak atera dituztela ere jakinarazi du Umore Ona elkarteak. Bost zenbaki saritu atera dituzte: lehenengoa, 1167; bigarrengoa, 3961; hirugarrengoa, 3801; laugarrengoa, 1480; eta bosgarrengoa, 2077. Saridunek hilaren 22ra arte dute elkartearekin harremanetan jartzeko. Horretarako: umoreonapilotaelkartea@hotmail.com.
Euskal Ligako partidua gazteek, bihar
Umore Ona txapelketa alde batera utzita, Goizuetako pilotariek beste hainbat hitzordu dituzte datozen egunetan. Bihar esaterako, Euskal Ligan, gazteen mailan Umore Onarekin ari diren bi pilotarik dute zita: Aizkorbe eta Apezetxeak. Aurrez aurre, Bergara elkarteko Murua eta Gartzia izango dituzte. Partidua Goizuetako pilotalekuan bertan jokatuko da, 11:30etataik aurrera. Goizuetarrak gonbidatuta daude bertaratu eta animatzera.