2017ko Udal Aurrekontuak onartu zituen Astigarragako Udalak abenduko Plenoan, eta orain, herritarrei azaldu nahi dizkie Gobernu Taldeak. Kronikara bidalitako prentsa oharrean azaldu dutenez, Udalak bilera partehartzaileak egingo ditu astigartarrekin, astelehenetik aurrera: «bilera horietan, Udalak jarraitu dituen lan ildoak aurkezteaz gain, bertaratuen proposamenak jasoko dira, eta baita herriko kultur zein kirol elkarteenak ere».
Sei bilera, segidan
Helburu horrekin, sei bilera programatu ditu Udalak astebeteko epean: urtarrilaren 16tik 23ra: «auzoz auzo egingo dira; eta horietaz gain, bilera bat ere egingo dute herriko kultur eta kirol talde zein elkarteekin. Azken hau izango da hain zuzen, aurreneko bilera. Astelehenean dute hitzordua, 13:30etan, Pleno aretoan».
Alde Zaharrekoek, asteazkenean
Urtarrilaren 18an, asteazkenean, Astigarragako Alde Zaharrean bizi diren bizilagunek dute hitzordua: Kale Nagusiko eta Pelotari kaleko bizilagunek 19:00etan dute zita Pleno aretoan; eta Galtzaur eta Errekaldekoek, 20:30etan, Kultur Etxean.
Ostiralean Oialume, Urumea Berri eta Ergobiakoen txanda
Auzoz Auzoko bilerek ostiralean izango dute segida, Oialume eta Ergobiako bizilagunekin. Ergobiako bizilagunekin Estanko tabernan elkartuko dira, hilaren 20an, Estanko tabernan. Ondoren, 20:30etan, Arrobitxuloko udal lokalera gerturatuko da gobernu taldea, Arrobitxulo eta Urumea Berriko bizilagunekin elkartzeko.
Santiomendi-Ermaña eta Perurena-Bentas, bukatzeko
Azkeneko bilera astelehenearekin egingo du Udalak, hilaren 23an. Lehendabizi Santiomendi-Ermañakoen txanda izango da, Plazetxen, 19:00etan. Eta ondoren, Perurena-Bentasekoekin elkartuko dira, frontoiko lokalean, 20:30etan.