Euskal Ligari hasiera emango diote gaurko partiduarekin, Hernaniko neskek; Durango, Uribealdea eta Zornotzako jokalariekin osatutako taldea izango dute aurkari, 16:00etan hasita, Arripausuetan.
Ez da aurkari errazena, txapelketa hasteko. Izan ere, bukatu berri duten Amaiur Torneoan laugarren egin dute, eta Hernanik, seigarren. Txapelduna La Unica talde nafarra izan da, eta hauxe da, orain ere, Euskal Ligatik Ohorezko B Mailarako igoera jokatzera pasatzeko faboritoa.
Lehia, bizi-bizi
Aurten bizi-bizi dator txapelketa hau, lau talde berri gehitu baitira lehiara: Ordizia, Bera Bera, Gernika eta Errioxa mutlzo batean ariko dira. Iaz ere lehian aritutakoak, berriz, beste multzo batean ariko dira: Hernani, La Unica, Eibar, Gaztedi eta Durango.
Lehen buelta irabaztea daukate denek helburu, horri esker, Ohorezko B Mailara igoera jokatu ahal izateko.
Enara Cacho, Galesen kontra
Bestalde, Hernaniko Enara Cacho jokalariak Galesen kontra jokatuko du asteburuan, Estatuko Selekzioarekin, La Vilan.