Pirinioetan barrena murgilduko dira Mendiriz Mendi elkarteko kideak datorren asteko irteeran, urtarrilaren 22koan, alegia. Pirinioak Eurasiako eta Iberiar penintsulako plakek talka egin zutenean sortu ziren. Kantauri itsasotik hasi eta Mediterraneora bitartean, lerro zuzenean, 400 km pasatxoko ibilbidea da, mendiz eta bailaraz jantzita dagoena.
Natura aldetik, esan daiteke inguru hauetako azken eremu basatia dela. Erliebe malkartsuak betiko fauna eta floraren gordailu dira. Geologikoki ere, eremu aberatsa da, eta muino leunak edo gailur zorrotzak aurki daitezke bertan. Horrez gain, gure azken glaziarrek mendizerra honetan irauten dute.
Margo zuri-gorriz markatutako ibilbidea
Piriniotako bidea, edo GR-11 delakoa, Ibilbide Luzeko mendi-bidea da. Pirinio guztia zeharkatzen du, Higer lurmuturretik hasi eta Creus lurmuturreraino, 800 km inguruko ibilbideari jarraituz. Azpimarragarria da bide osoa marra zuri-gorriz margotuta dagoela.
Ibilbide honen etapak herrien edo aterpeen artekoak izaten dira normalean, eta beraz, gainean eraman beharreko motxilak ez du zertan oso astuna izan. Etapen luzeera nahiko desberdina da: badira batzuk oso motzak, 10-11 km ingurukoak; eta beste batzuk, aldiz, nahiko luzeak dira, 30-32 km ingurukoak.
Desnibelaren aldetik ere, etapa desberdinak aurkituko ditugu ibilbidean zehar, 500 metroko desnibeletatik hasi eta 1.600 metrokoraino. Bideak orokorrean nahiko egoera onekoak dira, eta pistak, bideak eta bidezidorrak tartekatzen dira.
Aurreneko zatia, datorren igandean
Mendiriz Mendi elkarteak Ibilbide Luze honetako lehenenengo zatia egiteko asmoa du. Soilik Euskal Herriko etapak eta Huescan sartzen dena egingo dira, hain zuzen; guztira zortzi etapa. Jarraipena izango du, eta urtero bi etapa egingo dira: bata, urtarrilean; bestea, abenduan.
Hasiera urbanoa, Irundik hasita
Egia esan, lehenengo etapa hau Higer lurmuturrean hasten da, baina Hondarribia eta Irun arteko zatia oso urbanoa denez, Irundik hasiko gara. Horrela, mendi-eremuan berehala sartuko baikara.
Horretarako, Irungo pasealeku nagusitik hasi eta AP8 autopista aldera egin behar da, aurrena. Autopistaren beraren azpitik pasa, eta bere eskuinetik metro batzuk egingo dira. Ondoren, ezker aldera gogor gora jotzen duen zementuzko pista hartu beharko da. Errepidea pare bat alditan zeharkatu ondoren, pistak San Martzial ermitara eramango gaitu. Bertan atseden-lekua eta iturri pare bat daude.
Mendian barrena, gora
Hasieran pista batetik, ondoren, bide batetik; hortik aurrera ere bideak gora egiten jarraitzen du. Ondoren, bidea baserri baten albotik pasatzen da, eta zertxobait aurrerago, Aiako Harriko Parke Naturalean sartzen ari garela adierazten digun kartela aurkituko dugu.
Igotzen jarraituko dugu, eta Ursain lepora (430 m) iritsiko gara. Aiako Harriko Parke Naturaleko txoko honetara errepidea iristen da, eta atseden-leku bat eta erretokiak daudenez, eguraldi onarekin jende asko ibiltzen da bertan.
Bideak behera, Endarako urtegira arte
Hurrengo lau kilometrotan bideak behera egiten du; bide eroso batetik Endarako urtegira iritsiko gara. Urtegia errepidetik zeharkatu ondoren, 500 metro inguru gehiago jarraitu behar dira errepidetik, hauek ere. Tarte honetan, eskuinean, San Anton Ermita aurkituko dugu; bertan, iturria dago.
Ermitaren parean, errepidearen ezkerrean, GR-11ren bidea jaiotzen da. Gogor gora eginez, bideak San Anton lepora eramango gaitu (415 m). Hurrengo kilometro pare batean, bidea nahiko erosoa da, gorabehera leunak dituelako. Ondoren, aldapa behera eginez, Amargun izeneko lepora jaitsiko gara, eta bertan egingo dugu topo beste iturri batekin.
Hortik, tentsio altuko lerro azpitik pasa eta aurrera jarraitu behar da; eta ur biltegi bat duen pinudi batera iristerakoan, bidea bitan zatitzen da: eskuineko bideak Lesakara eramaten du (GR11.3 bariantea delakoa); ezkerrekoak, aldiz, Bera herrira. Gure bidea hartu eta 600 metro aurrerago etapa honetan nahasteko aukera bakarra duen bidegurutzera iritsiko gara. Zuzen jarraitu eta gora egin behar da, eta etapako azken aldapara iritsiko gara. Nahiko motza da eta erraz gainditzen da.
Aldapa igo ondoren Berara iritsi arte dena beherako bidea izango da.
IRUN-BERA. Datu interesgarriak:
- Non kokatzen da: Gipuzkoan eta Nafarroan.
- Luzera: 24 km.
- Denbora: 7-8 ordu.
- Desnibel metatua: 800 metro gorantz eta beherantz.
- Zailtasuna: Zailtasun berezirik gabekoa. Ibilbide luzea denez, egoera fisiko onean egotea gomendatzen da.
- Beharrezko materiala: Mendiko material arrunta.
*Mendiriz Mendik urtarrilaren 22an egingo du irteera hau.