Lertxun bat tiroz hil zuten asteburuan Hernanin, Eguzki talde ekologistak salatu duenez: «Gipuzkoako Fiskaltzan salaketa jarri dugu, lertxun hauskara (ardea cinerea) bat agertu zelako Epelen, tiroz jota. Mendizale batek aurkitu zuen, hego bat tiro batez ia errotik aterea zuela, eta handik pixka batera hil zen», gaitzetsi du.
Eguzkik gogoratu du, gainera, ez dela ehiza sasoi honetako aurreneko salaketa: «dagoeneko zazpi kasu salatu ditugu, legez babestuta egon arren bota dituzten hegaztienak. Eta kontutan hartu behar dugu, guk kasu hauen berri izan dugunerako, beste hamaika isilean geratu direla».
«Nabarmendu nahi dugu, delituak egiten ari direla»
Eguzkik azaldu du, oso gutxitan identifikatzen dituztela tiro egin dutenak, baina hala ere, ez diola utziko salatzeari: «nabarmendu nahi dugu, hemen delituak egiten ari direla, espezie babestu bat botatzea delitu izan daitekeelako. Eta bestetik, ea Foru Aldundian batenbat lotsatzen den, bere ehiza politikak aukera haundiak ematen baititu horrelako gauzak gertatzeko: ez die elkarte kudeatzaileei ardurarik eskatzen, eta ezta ehiza egiteko ordua atzeratzen ere. Hala ere, Epeleko lertxuna bota zuen ehiztariak nekez argudiatuko du argi faltagatik bota zuenik. Zer esango du ba, uso batekin nahastu zuela?», kritikatu du Eguzkik.