«Hastera doa, gure sagardo berria dastatzeko garai maitatua»

Kronika - Erredakzioa 2017ko urt. 11a, 01:00

Paco Etxeberriak eta Aranzadi zientzia elkarteak aurreneko kupela irekitzean, hasiko da Hernanin «sagardo berria das­tatzeko garai maitatua», Koro Etxeberria kul­tura zinegotziak adierazi zuen bezala. Larunbat ho­netan izango da txotx ire­kiera, eta atzo aurkeztu zuten, uda­letxean, Etxeberriak berak, Gurutze Amigorena turismo teknikariak, Jon Peña sagar­dogileak eta Alberto Blanco Kaxko elkarteko kideak.
Goizeko 11:30etan hasiko da inaugurazio festa, larun­ba­te­an, herri kirol erakustaldiarekin, Plazan. Gero, tri­ki­ti­la­riak eta Kalez Kale Kantarikoak ibiliko dira Kaxkoan, txalapartariek txotxera deitu arte. 13:00etan omenduko dute Aranzadi el­kartea: «aspalditik izan du lotura haundia Hernanirekin, oroimen historikoaren edota toponimiaren inguruko lanak eginda. Eta ibilbide luze hori eskertu nahi dugu», nabar­mendu zuten.
Aurreneko kupela irekita, herritarrek aukera izango dute sagardo berria dastatzeko, eta pintxoak ere izango dira. Eta ondoren, aurreneko baz­ka­ria egin­go dute Akarregin.
Hortik aurrera, makina bat ekintza izango dira denbo­ral­dian: Euskal balezaleen tris­kantza doku­men­tala, Sagar Lasterra, Sagar Martxa...

Eraso sexisten kontrako deia, Udalak eta Kaxko elkarteak
Eta garai honetarako, dei be­re­zia egin zieten herritarrei, Kaxko elkarteak eta Udalak, eraso sexisten kontra, eta kale garbien alde. Zentzu horretan, nabarmendu zuten haunditu egingo dela udaltzain, kale gar­bitzaile eta komun kopurua. Eta haunditu egingo da, urtero bezala, garraio zerbitzua: auto­busak eta taxiak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!