Bi herrialde, hainbat begirada. Izen horrekin, argazki tailer partehartzailea egin dute Hernanin, azkeneko hilabeteotan, eta herriko argazki bilduma osatu dute, parte hartu duten gazteek. Ba orain, tailer bera ematera joango da Eli Gorostegi, Wukrora, eta bertara eramango du argazki bilduma hori; gazte hernaniarren begirada, hain justu.
9-12 urte bitarteko gaztetxoak aritu dira tailerrean, kamara hartu eta jokuen bitartez ikasiz argazkilaritza. Abenduaren 17an, gainera, postua jarri zuten Plaza Berrin, Santo Tomas aprobetxatuz, argazki saioa egiteko.
Horrela, gazteen ikuspuntuak, bizipenak, desirak... islatu dituzte argazkitan, Wukroko gazteekin partekatzeko; tailerraren helburua baita, bi herriko gazteen arteko senidetza finkatu, eta lehio bat izatea.
Wukron ere, gauza bera egingo dute orain, urtarrilean, hango gazteen begirada Hernanira ekartzeko.
Erakusketa, udaberrian
Bietan bildutako argazkiekin, erakusketa ere jarriko dute Hernanin udaberrian, martxoan edo apirilean, herriarekin konpartitzeko. Eta horrekin, elkarrizketa ere piztu nahi dute, bi herrien artean.