Hileko aurreneko asteartea izaten da, normalean, odola emateko eguna, Hernanin. Baina Gabonak medio, urteko aurreneko estrakzio eguna ez zen lehengo asteartea izan; gaur jarri dute zita, 18:30etatik 20:30etarako tartean, anbulatorioan.
Pasa berri den urteko odol estrakzio datuak onak izan dira, baina odol emaile berriak lortzea da aurtengo erronka. Izan ere, emaile berriak ezinbestekoak dira, estrakzio kopuru nahikoak lortzen jarraitzeko.
Era berean, gogorarazi dute organo emaile egiteko aukera ere izaten dela, odola emateko egunetan.
700 emaile inguru, urtero
Pasa berri den 2016 urteak aurrekoen ildo beretik jarraitu du, gutxi gorabehera. Guztira, 669 lagunek eman dute odola, eta hain zuzen, horixe izaten da Hernaniko batezbestekoa; urtean 700 estrakzio inguru.
Aldea, emaile berrien datuetan nabaritu da. 2016an 25 emaile berri izan dira; 2015ean baino 11 gutxiago. Hori horrela, 2017ko erronka da emaile berri gehiago lortzea. Izan ere, OMSen arabera, Hernani bezalako herri batean 800 eta 1.000 estrakzio inguru egin beharko lirateke urtero. Egun 700 egiten dira, eta zifra hori mantendu eta igotzeko, emaile berriak behar dira; egungoek pixkanaka zahartzera egingo baitute.
Herritar gehienak izan daitezke odol emaile; 18 eta 65 urtetik gora eta 50kg baino gehiago pisatzen duen ia edonork eman dezake odola.
Urte hasiera ona, iaz
Zaila da zehazten noiz gerturatzen den emaile gehien anbulatoriora, baina azken urteetan, uztaila izan da hilabete jendetsuena; 71 estrakzio egin dira, azken bi urteetan.
Urte hasiera, berriz, 2016koa hobea izan da, 2015ekoa baino; 19 emaile gehiago izan ziren iaz, 2015ean baino. Hala ere, ez dago ohitura jakinik; urtetik urtera eta hilabete batetik bestera aldea izaten da estrakzio kopuruetan. Baina badaezpada, gaur gerturatzeko deia luzatu diete hernaniar guztiei, urtea ondo hastea garrantzitsua izaten da eta! Zaila bada ere, lehengo urteko urte hasiera ona hobetzea da gaur, helburua.
Emaile izatea, edonoren esku
Ahalik eta jende gehien erakartzeko lan horretan, gogorarazi dute herritar gehienak izan daitezkeela, odol emaile. Baldintzak, ez dira asko: 18 eta 65 urte bitartekoa izatea; 50 Kg baino gehiago pisatzea; tentsioa, balio normalen artean izatea (behekoa 50 eta 100 mm Hg artean, eta goikoa, 100 eta 180 mm Hg artean); baita hemoglobina balioak ere (emakumeek 12,5 gr/litro gainetik, eta gizonek 13,5 gr/litro gainetik). Horren arabera, urtean hiruzpalau aldiz eman daiteke odola.
2016ko odol emaileen datuak:
-Urtarrilean, 64 emaile (4 berri).
-Otsailean, 53 emaile (3 berri).
-Martxoan, 55 emaile (berri 1).
-Apirilean, 58 emaile (berri 1).
-Maiatzean, 50 emaile (berririk ez).
-Ekainean, 56 emaile (berririk ez).
-Uztailean, 71 emaile (3 berri).
-Abuztuan, 52 emaile (berri 1).
-Irailean, 43 emaile (2 berri).
-Urrian, 61 emaile (berririk ez).
-Azaroan, 57 emaile (6 berri).
-Abenduan, 49 emaile (4 berri).
-Guztira, 669 emaile izan dira 2016 urtean, eta horietatik 25, odol emaile berriak izan dira.
-OMSen arabera, Hernani bezalako herri batean urtean 800-1.000 lagun inguruk eman beharko lukete odola. Gaur egun, urtean 700 bat lagunek ematen dute.