Atzo hil zen Hiazinto Fernandorena Setien urnietarra, 86 urte zituela. 2014an omenaldia jaso zuen Martin Ugalde parkean, euskeraren eta euskal kulturaren alde egindako lan nekaezinagatik, eta hernaniarrek ere hartu zuten parte omenaldi hartan. Izan ere, Hernaniko Udaleko itzultzaile eta euskera arduradun izan zen urte askotan, eta 2003an, Mariaje Iartzarekin batera, Gure baserriak-Hernani liburua kaleratu zuen. Horrez gain, Euskaltzain urgazle, Euskal Udalekuen sortzaile, idazle eta, Elbira Zipitriaren bidetik, Andereño Eskolaren sortzaile ere izan zen.