Aurreko urtean baino 750.000 euro inguru gutxiago izango ditu Udal Aurrekontuak, 2017an. Dena den, beherakada hori ulertzeko, aurreko urtekoari begiratu behar zaio: kopuru horretako dirulaguntza eman zioten Udalari iaz, Aldundiak eta Jaurlaritzak, bi inbertsio potolo egiteko: Zarkumendegira doan bidegorria, eta kiroldegiko berrikuntza.
Beraz, jaitsiera hori bi partidatan soilik nabarituko da: sarreren artean, Aldundiaren eta Jaurlaritzaren dirulaguntzetan; eta gastuen aurrekontuan, inbertsioen partidan.
Zortzi milioiko aurrekontua
Aurreko astean onartu zituzten 2017ko Udal Aurrekontuak, abenduaren 28ko plenoan; eta 8.009.485,07 eurokoak izango dira, guztira, azkeneko ajusteen ondoren. Aurreko urtean, 8.753.257,60 euro izan ziren.
Esan bezala, iazko ezohiko bi dirulaguntza horietan dago alde nagusia. Beste partidetan, aldiz, ez da izan gorabehera haundirik. Igoera izan dute, hori bai, Udalak egiten dituen transferentzia arruntek. Batetik, tokiko garapena sustatzeko ekimenak bultzatzeko hitzarmena dela eta, Buruntzaldeako sei Udalen artekoa, Garapen Agentzia sortu bitartean.
Eta bestetik, haunditu egin direlako Udalak ematen dituen dirulaguntzak, izan ONGei, kulturaren arloko eragileei, ongizate sozialerako...
Eta aurrekontuetako zortzi milioi horietatik, 1.051.093,61 euro erabiliko ditu Udalak, inbertsioak egiteko.
Udalaren asmoa da, 2017an bertan eskuratzea DBHrako lursaila, urbanizazio proiektuarekin hasteko; eta Haurreskola berriaren obrak martxan jartzea.
DBH egiteko lursaila eskuratzeko azterketa, lehentasunetako bat
Inbertsioen artean, garrantzia berezia dauka hezkuntzaren arloak; eta lehentasunetako bat da, DBHrako eraikina izango dena egiteko lursaila lortzea. Izan ere, aurreneko pausoak emango ditu Udalak, 2017 honetan: «partida garrantzitsu bat» jaso dute aurrekontuetan, 80.000 eurokoa, prozesu guztia aurrera eramateko; lursaila eskuratzeko azterketak, informeak, notaritza gastuak, aholkularitza, lurrak eskuratzea... «Erronka garrantzitsu bat da DBHrena, Udalarentzat», nabarmendu du Jon Arregi Ogasun zinegotziak.
Kanposantuaren atzealdean dauden lurretan (7.500 metro karratu inguru) kokatuko dute DBHrako eraikina, eta dagoeneko eskatuta dauzkate bi informe, arkitekto urbanista bati eta perito agronomo bati: «lursailaren egoera, urbanizatzeko aukera eta lurraren kalitatea ezagutzeko dira horiek, eta espero dugu urtarrilean bertan jasotzea biak».
Behin txostenak jasota, asmoa da lur horien hiru jabeekin akordio bat lortzea, lurrak eskuratzeko. Eta hortik aurrera, urbanizazio proiektua eskatuko dute, ahalik eta eperik motzenean prest egon dadin eraikina. Asmoa da, diruzaintzako soberakinekin finatzatzen joatea, DBHrako eraikinaren obrak.
Aurrekontuen triptikoa banatuko diete herritarrei, etxez etxe, informazio guztiarekin, azalpen tabla batekin, eta egingo dituzten bileren datekin.
Haurreskola berria aurten eraikitzen hastea, asmoa
Beste partida potolo bat jaso dute aurrekontuetan, Haurreskola berria eraikitzen hasteko; 110.000 eurokoa da partida. Laster aterako dute lehiaketara, proiektuaren erredakzioa, 2016tik gordetako partidarekin; eta asmoa da, 2017an bertan hastea obren aurreneko fasea, 110.000 euro horiekin.
Herri Eskolan ere izango da inbertsiorik aurten. Jolastokian parke bat egin dute 2016an, eta horren goikaldean, beste parke bat egingo dute; 77.000 euro gorde dituzte horretarako.
Sagardo plaza, Anuska, Goiko Itturri, uholdeen kontrako lanak...
Baina hezkuntzaren arlotik harago ere, inbertsio garrantzitsuak egingo dituzte aurten. Sagardo plazaren obrak, esaterako, hilabete honetan bertan atera nahi dituzte lehiaketara, eta 239.000 euroko partida jaso dute aurrekontuetan.
EH Bildu: «salatu nahi ditugu, 2017ko Udal Aurrekontuen sinesgarritasun eza, eta proiektu berriak martxan jartzeko gaitasun eza».
Anuskako obrak egiteko, berriz, herritarrekin bilduko dira. Irisgarritasun arazoa konpontzea da erronka nagusia, eta zehaztu behar dute zer egin, gordetako beste 111.702 euroekin.
Eta uholdeekin lotutako bi inbertsio ere egingo dituzte. Batetik, 60.000 euro gorde dira uholdeen kontrako lanak egiteko. Eta bestetik, 100.000 euro daude aurrekontuetan, guztira, proiektua idazteko Goiko Itturri enkauzatu, Tomas Alba kalea reurbanizatu, eta Emakume plaza berritzeko.
Joku inklusiboak, parkeetan
Potoloak izango dira, baita ere, kiroldegian egingo dituzten hobekuntza eta berrikuntzak (55.000 euro), kiroldegiak dauzkan hutsune eta arazoak konpontzeko; baliteke partida hori haunditzea, urtean zehar. Eta beste 50.000 euro gorde dituzte, Perurenako edo Bentakeko lokal soziala berritzeko.
Eta kopuruz txikiagoak diren inbertsioen artean, besteak beste, parkeak daude. Batetik, helduentzako kirol eta aisialdirako parke bat egingo dute, 15.000 euroko partidarekin. Eta bestetik, haurrentzako parkeetan joku inklusiboak sortuko dituzte, edozein haurrek erabiltzeko modukoak diren elementuak jarriz: «gutxienez, herriko parke bakoitzean elementu bat egotea da asmoa», azaldu du Arregik. 12.000 euro bideratu dira horretara.
Aurrekontuen triptikoa, etxez etxe banatuko dute
Udal Aurrekontuen informazio guztiarekin, triptiko bat osatu nahi du Udalak, eta etxez etxe banatuko die herritarrei. Bertan jasoko dira sarrera eta gastuak, azalpen tabla batekin. Eta baita ere, bertan jakinaraziko dituzte, herritarrekin egingo dituzten bileren datak.
EH Bildu: «Aurrekontuen eztabaidak azaleratu du EAJren proiekturik eza»
Udal Aurrekontuei, abstentzio bat eta kontrako bost boto eman zizkien EH Bilduk, salatzeko «sinesgarritasun eza eta proiektu berriak martxan jartzeko gaitasun eza». Eta 2016an gertatutakoa azaleratu nahi izan du: «emendakin ugari aurkeztu genituen, eta batzuk onartu arren, 2016a bukatu da horiek garatu gabe; %15a ere ez da egin», kritikatu du.
PSE-EE: «110.000 euro gorde dira Haurreskola berria egiten hasteko, emendakinei esker; horrekin, herriaren desio bat betetzen hasiko da».
EH Bilduk azaldu duenez, «EAJko ordezkariak berak onartu zuen, aurrekontuak balio duela bideratzeko aurreko legealditik datozen proiektuak; hau da, EAJk onartu zuen, ez duela proiektu propiorik». Eta gaineratu du: «ondo dago EH Bilduren proiektuak garatu nahi izatea, baina herria gelditu ez dadin, proiektu berriak martxan jarri behar dira. Horixe zen EH Bilduren emendakinen helburua».
Abstentzio batekin, berriz, «estimuzko botoa» eman nahi zion Udal Gobernuari, «hainbat ekimen onartu izanagatik»: herri bideak hobetzeko 150.000 euro, Galtzaur kalea asfaltatzea, Perurenan auzo biltokia eta ludoteka jartzea, eta helduentzako kirol eta aisialdi parkea eraikitzea.
Azkenik, eta aurrekontuak onartu arren, bozketa egiteko moduarekin ez da ados azaldu EH Bildu: «ez genuen ez aurrekontu dokumentua bera, ez kontuhartzailearen txostena, ezta aurrekontua gauzatzeko araua ere. Uste dugu onartezina dela aurrekontua horrela onartzea». Horregatik, idazkariari eskatuko diote, horren inguruan txostena egin dezan.
«Emendakinei esker, asko hobetu dira aurrekontuak», PSE-EEren ustez
Aurrekontuen balorazio positiboa egin du Mikel Duranek, Astigarragako PSE-EEren bozeramaileak: «emendakinei esker, nabarmen hobetu dira aurrekontuak, eta politiken zentroan jarri dituzte herritarrak».
Duranek uste du, Haurreskola dela gauzatu beharreko proiektu estrategikoetako bat: «emendakinei esker, 110.000 euro izango dira horretarako; eta ez dugu ahaztu behar, beste 45.000 euro gorde direla 2016tik proiektuaren idazketarako, kreditu aldaketaren ondorioz», nabarmendu du; «bi kopuru horiekin, aurreneko pausoak emango dira plenoaren erabaki bat betetzeko, herritarren desioa dena, herrian kalitatezko haurreskola publiko bat izatea», adierazi du Duranek.
Beste hiru emendakin ere aurkeztu zituen PSE-EEk, talde politiko guztiek onartu eta Udal Aurrekontuetan txertatu direnak: Sagardoetxearen aurreproiektuaren azterketa, mugikortasun plan baten idazketa, eta terrorismoaren biktimen omenez memorial bat egitea.