Urteko laburpena, 12 argazkitan

Kronika - Erredakzioa 2017ko urt. 7a, 12:01

URTARRILA: Aurreneko tragoxkarekin, txoootx! (Hernanin eta Astigarragan)
Urtea hasi eta berehala, urtero errepikatzen den irudia izan zen protagonista nagusia 2016ko urtarrilean, Astigarraga eta Hernaniko txotx denboraldien irekierena, alegia. Urtarrilaren 13an, «hau da aurtengo sagardo berria» ohiko esaldiarekin hasi zuen Astigarragako denboraldia Aritz Aranburu surflariak; larunbat horretan, hilaren 16an, gauza bera egin zuten Oskorri taldeko kideek Hernaniko Plazan. Hala hasi zen ofizialki, Urumea bailarako 2016ko txotx denboraldia.

OTSAILA: Herriari keinua, aranoar gazteek (Aranon)
Aranon tradizionala den Zahagi Dantzak segidarik izango ez zuenaren beldur ziren aranoarrak, eta ikaragarriko sopresa eman zuten txikienek aurtengo inauterietan, beraiek hartu baitzuten testigua. Herriko bi koxkorrenek hartu zuten erdiko papera, Ainhoa Ansa alkateak azaldu zuenez, «oso frexkoa, espontaneoa eta emozionantea» izan zen.

MARTXOA: Aurreneko pausua, herri galdeketa prestatzeari ekiteko (Hernanin eta Astigarragan)
Herritar talde batek deituta, 2016ko martxoaren 12an egin zuen gaur egun BagaGiltza herri plataforma denak aurreneko batzarra. Hernaniko prozesuak aurrera egin du ordutik, eta bidean, ekaina aldera, Asti­garraga ere batu zitzaien. Horrela, harreman horren ondorioz, elkarlanean aritu dira Hernani eta Asti­ga­rra­gako herritarrak, eta dozenaka bilera, eztabaida eta ekintzaren ondoren, 2017ko martxoaren 19an, prozesuak urtebete betetzen duenean, borobilduko dute prozesua bi herriek, herri galdeketarekin.

APIRILA: Hondakin sistema aukeratzeko, galdeketa (Astigarragan)
Otsailaren 26ko ez-ohiko Plenoan aho batez onartu ostean, apirilaren 17rako antolatu zuen Astigarragako Udalak hondakin-sistema aukeratzeko galdeketa. 4.692 astigartar zeuden deituta botoa ematera, horietatik %59,02a gerturatu zen botoa ematera. %59,23ak edukiontzi sistemaren alde egin zuen; eta %40,05ak atez atekoaren alde.

MAIATZA: Kontzertu bana, Europako Musika Eskolen jaialdiaren bueltan (Hernanin eta Astigarragan)
Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburutzaren programaren barruan, Europako Musika Eskolen EMUSIK jaialdiaren hamabigarren edizioa egin zen Gipuzkoan. Inguruko 68 herritan izan ziren ekintzak, tartean Hernanin eta Astigarragan. Maiatzaren 7an kontzertu bana eskaini zuten bi herritan: Hernanin, Katalunia, Italia eta Alemaniako ikasleekin aritu ziren; astigartarrek, aldiz, Bulgaria, Eslovakia, Luxenburgo eta Espainiako musika eskoletako kideekin batera eskaini zuten emanaldi berezia, bertan, musikariez gain, dantzariek ere parte hartu zuten.

EKAINA: 10 urte, ahotsak astinduz (Goizuetan)
10 urte bete ditu 2016an Umore Ona abesbatzak, eta hori ospatzeko, hainbat ekintza egin dituzte urtean zehar. Ekainean egin zuten horietako bat: urteurreneko emanaldia eskaini zuten elizan, eta ondoren, bazkari baten bueltan elkartu ziren korukideak direnak, eta izandakoak.

UZTAILA: Herriartekoan, Astigarraga! (Astigarragan)
Sorpresa eman zuten pelotari astigartarrek eta Herriarteko txapelketako finalean sartu ziren. Uztailaren 3an jokatu zuten Azpeitiaren kontra, Donostiako Atano IIIa pelotalekuan. Txapela aurrez aurre izan bazuten ere, ezin izan zuten ezustekoa eman, baina ederki gozatuta egin zuten etxera buelta. Eta bertan ospatu zuten, bazkari baten bueltan.

ABUZTUA: Bandera olinpikoa, Landaren (Hernanin)
Hernanik izan du ordezkaritza Rio 2016an, eta ez nolanahikoa: Igor Genua errugbilaria izan zen Joko Olinpikoetan, eta Para­olinpikoetan, Iñigo Llopis igerilaria. Hori ospatzeko, bandera olinpikoa igo zuen Landaren Hernaniko Errug­bi Elkarteak, Genuaren ome­nez, eta bueltatu zenean, berak jai­tsi zuen. Bertan izan ziren familiako kide eta errugbizaleak.

IRAILA: Hernani Kontxan, 38 urte eta gero (Hernanin)
Maialen Hernaniko nesken traineruak, Kontxako Bandera jokatu zuen aurreneko aldiz 2016ko irailean. Sailkatze-estropadan seigarren egin ondoren lortu zuen txartela. Hernaniko Arraun Elkar­tearentzat ere, lorpen haundia izan zen, 38 urte ondoren, Herna­niko traineru batek Kontxako estropada jokatzea lortu baizuen.

URRIA: Ehundaka herritar, euskerari eusten! (Hernanin)
Euskeraren Egunaren harira, ekimen berri bat jarri zuten mar­txan hernaniarrek 2016ko urrian Euskara Ari Du egi­tas­moaren barruan: Eutsi euskarari indar proba, alegia. Aste­betez euskeraz hitz egiteko konpromezua hartu zuten ehundaka herritar eta taldek. Gauza bera egin zuten Asti­ga­rragan 100 ta 100... 200 ordu euskaraz ekimenarekin.

AZAROA: Txirrita gogoan, beste 80 urtez (Ereñotzun)
80 urte bete dira 2016an Txirrita bertsolaria hil zela, eta horren bueltan, egitarau berezia izan da Ereñotzun. Urte osoan zehar izan dira ekintzak, eta azaroan borobildu zuten egitaraua Ga­bon, Txirrita antzerkiarekin. Horren aurretik, Estitxu Eiza­girre­ren hi­tzaldia bertsolariaren inguruan, edota Imanol Kamio, Eñaut Agi­rre eta Jexux Aranbururen bertso-emanaldia izan ziren, baita ere.

ABENDUA: Siriar errefuxiatuei laguntzeko, hamaika modu (Hernanin)
2016a bereziki solidarioa izan da Urumea bailaran, eta Siriar errefuxiatuek izan dute aurten, protagonismo bereziena. Hainbat ekimen izan dira Hernanin, baita Astigarragan ere: Zaporeak proiektuak postua jarri izan du; Kepa Alvarez hernaniarrak esnea bildu zuen SOS Refugiados En Red taldearekin abenduko azkenaurreko astean; errefuxiatuen inguruko jardunaldi berezia egin zuten astigartarrek...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!