Sagarrondoak saltzeko Hazten gaitu, hazten dugu kanpaina abiatu zuen ikasturte hasieran, Baionan dagoen Bernart Etxepare Lizeoak; Iparraldean dagoen euskal lizeo bakarrak.
Egun, 16 eta 18 urte bitarteko 260 ikasle inguruk ikasten dute bertan, baina ikasle kopurua gora egiten ari denez, 400 ikaslerentzako lizeo orokor, teknologiko eta profesionala eraiki nahi dute, datozen ikasturterako. Eraikinerako dirua bildu dute, baina eraikina hornitzeko behar-beharrezkoa den materiala erosteko, 300.000 euro inguru bildu behar dituzte. Horretarako sortu dute sagarrondoen kanpaina, eta gaur zortzi, hilaren 14an, Hernaniko txotx irekieran izango dira Bernart Etxepare Lizeoko ikasleak, sagarrondoak saldu, eta harremanak estutzeko asmotan.
«Euskalduntzen duen eredu bakarra da, Seaskakoa»
Pello Aranzabalek ekarri nahi izan ditu Bernart Etxepare Lizeoko ikasleak Hernanira. Izan ere, gurasoak hernaniarrak ditu Aranzabalek, eta berak ere lotura haundia dauka herriarekin, nahiz eta gaur egun Baionan bizi eta Lizeoan bertan egiten duen lan.
«Iparraldean euskalduntzen duen eredu bakarra da, Seaskakoa; euskera ez da ofiziala, eta diru-laguntzak tantaka iristen dira. Horregatik Euskal Herri osoan bilatu behar dugu laguntza. Erronka haundia da 300.000 euro biltzea. Baina Hernanira etorrita, helburua ez da bakarrik, Hernanin ere dirua biltzea; ez gaudela hain urruti konturatzea baizik».
Izan ere, Aranzabalek dio askotan ez garela konturatzen, denok bat garela. «Azkaindar bat hemendik 20 minutura daukagu, baina urruti dagoela pentsatzen dugu. Aldiz, Ordiziara errazago joaten gara. Gazteekin hona etortzean, helburua da hau ezagutzea, erakustea ez dagoela urruti, erakustea herri ikuspegi bat».
«Euskera biziko dela ezin dugu bermatu. Jada ez da berreskuratu lehengoa. Baina proiektu hau estrategikoa dela, seguru; hau gabe, hil egingo da»
Lizeoa, ikasketa profesionalak eta barnetegia
Seaskak, Ipar Euskal Herriko ikastolen elkarteak, 2 urtetatik Baxora (Selektibitatea) arteko ikasketak eskaintzen dizkie, eredu esukaldunean, haur eta gazteei. 1969an sortu zen, eta bilakaera ikaragarria izan du, ordutik; gaur egun, 3.500 ikasle daude, 34 ikastolatan. Horietako 30, ama ikastolak dira. Beste 3, kolegioak, hemen DBHrako institutuak liratekeenak; Ziburun, Kanbon eta Lartzabalen daude. Eta azken ikastola da, Baionako Lizeoa, 16 eta 18 urte arteko gazteentzako dena.
Ikasle kopurua gora egiten ari dela-eta, eraikiko dute lizeo berria, Baionan. Ikasketa ibilbide osoa euskeraz egiteko aukera eman nahi dute horrela, gainera. Izan ere, orain arte Seaskak ez du ikasketa profesionalik eskaini, eta lizeo berrian izango da aukera. Horrez gain, barnetegia ere eraikiko dute.
Aranzabalek dio orain arteko barnetegia Tartassen, Landetan dagoela kokatua, eta alokatu egiten dutela. «Izan ere, ikasle askok ehun kilometrotik gora egin beharko lituzkete egunero etxetik Lizeora. Horregatik, orain arte astean zehar barnetegian bizitzeko lehentasuna dute egunero autobusean etorri ezin dutenek. Hemendik aurrera, asmoa da lizeo berrian eraikitzea, barnetegia. Bertan harremanak estutzen dira. Koadrilak ateratzen dira. Euskal mundua ez da komunitate haundia Iparraldean, baina berezia da. Halako erresistentzia sentimendua sortzen du. Askotan, euskeraz aritzeko eskatu behar izaten diegu ikasleei, baina kirolean, adibidez, asko markatzen dute euskaldunak direla, kontrarioek ez ulertzeko, eta talde sentimendua indartzeko».
Hau guztia medio, Aranzabalen ustez, estrategikoa da lizeo berria eraikitzea. «Jende askok ilusio haundia dauka. Euskera biziko dela ezin dugu bermatu. Gaur egun, jada, ez da berreskuratu lehengoa. Baina proiektu hau estrategikoa dela, seguru; hau gabe, hil egingo da».
Sagarrondoak, euskeraren alde
«Ikastolen elkarteko elkartasun kutxatik lortu da finantzazioa, eta Akitaniako Kontseilutik ere bai, ikasketa profesionalak (hemengo Lanbide Heziketaren antzekoa) eskaintzeagatik. Baina horiek, eraikina ordaintzeko dira. Barne ekipamendurako, ez dago ezer», azaldu du Aranzabalek.
Horretarako abiatu dute Hazten gaitu, hazten dugu kanpaina. «Sagarra zerbait debekatua izan da, gure hizkuntza bezala. Baina era berean, gure kulturan tradizio haundia dauka, eta sagar barietate asko dago. Gu bezala!». Dagoeneko, erosi daitezke sagarrondoak 30, 50 edo 100 euroan, www.betxepare.eus webgunearen bitartez edo banku transferentzia eginez, ondoko kontu korrontean: IBAN: FR76 1333 5000 4008 0012 8466 819 - BIC: CEPAFRPP333.
Onena, hala ere, Hernanin jarriko duten postura gerturatzea dela dio Aranzabalek, umoretsu: «bankuek komisioa kobratzen dute eta...».
Sagarrondoak erosi ondoren, nahi duenak izango du horiek jasotzeko aukera. «Sagarrondoen zikloa errespetatu nahi izan dugu, eta beraz, abenduan jaso behar ziren, edo bestela, datorren otsailean. Esan digutenez, martxo erdialdetik aurrera, ez da komeni sagarrondoak landatzea». Hegoaldean, Gasteiz eta Bilbo ingurukoentzako bilketa puntuak antolatuko dituzte, baina hernaniarrak mugiarazi egin nahi dituzte: «joan daitezela Baionara! Benetan, ez dagoela urruti! Horrela, gainera, bisita gidatua egingo dugu. Eta Euskeraren Sagastia ere ezagutuko dute». Izan ere, sagarrondoa erosi nahi, baina non landatu ez daukanarentzat, Baionako herriko etxeak utzitako eremu bat erabiliko dute, horiek landatzeko; euskerarekin batera, hazi daitezen.