Goizuetako Umore Ona elkarteak aurrenekoz antolatutako pilota txapelketa gaur erabakiko da. Goizeko 10:00etan hasita izanen dira partiduak, hiru kategoriatan: umeak edo benjaminak, kimuak edo alebinak, eta azkenik, gazteak edo jubenilak. Denera, zazpi goizuetar izanen dira txapelketako finalak jokatuko dituztenak: lau umeen mailan, eta beste hiru, kimuen kategorian.
Umeak, aurrenekoak
Umeen edo benjaminen finaleko partidua izango da aurrenekoa. Umore Onako pilotariak dira bi bikoteak; J. Salaberria eta M. Salaberriak, X. Apezetxea eta E. Iturain izanen dituzte aurkari.
Ondoren, kimuak
Kimuek edo alebin mailako bikoteen txapelduna zein den jakingo dugu, ondoren. Kasu honetan ere, bi bikotetan daude goizuetarrak: Umore Onako A. Salaberriak eta Errekako Agestak jokatuko dute, Umore Onako O. Legarreta eta B. Apezetxearen kontra.
Eta bukatzeko, gazteak
Azkenik, gazteen txanda izanen da: Añorgako Orbegozo eta Bergarako Gartzia, Oiarpeko Sein eta Etxeberriaren aurka.
Lagunartekoa, hasteko
Lagunarteko bat ere izanen da. Hori izanen da eguneko aurreneko partidua, Umore Onako umeen artean.