Esentzia argazki-liburua kaleratu du duela hilabete batzuk Ander Olaizola argazkilari goizuetarrak, bere aurreneko liburuaren jarraipen bezala. Olaizolak berak azaldu duenez: «Baso baten egunerokoan Goizuetan kokatzen da; bigarren honetan, territorioa anpliatu egiten da. Esentzia Euskal Herritik bidaia bat, nire ikuspuntutik, intimoagoa, eta ihes eginda betiko bisiotik».
Abenduaren hasierako Durangoko Azokan izan ostean, Elkar dendetan, Donostiako Hontza liburu dendan eta www.anderolaizola.com web-orrian eskuratu daiteke goizuetarraren bigarren lana. Prezioa: 35 euro.
6 urtetako lana, Euskal Herriko txokoetan
100 bat argazki jasotzen ditu Olaizolaren lanak. Urte askotako lana dela onartu du argazkilariak berak: «sei urtez egon naiz Euskal Herrian zehar argazkiak ateratzen, 1.000 inguru izango ditut».
Argazkiei buruz Olaizolak dio: «aurreneko liburuaren ildo beretik dijoaz argazkiak, paisaje estilokoak denak.
Lehenbizikoan dena basoarekin lotuta zegoen, orain bariatuagoa da, animaliak ere agertzen dira».
«Liburu autoekoiztua da, beraz maketa, diseinua... hori guztia ere nik egin dut»
Detaileak zaintzen ditu goizuetarrak: «makro deitzen dena egiten dut gehiago, detaileak egiteko, eta desenfokeak, koloreak... zaintzen ditut».
Argazkiak ateratzeaz gain, lan gehiago ere egin du Olaizolak: «liburu autoekoiztua da, eta beraz, maketa, diseinua... dena nik egin dut». Horrela, maketatzen doan heinean, egiten du argazkien aukeraketa.
Txikitatik, argazkilari
Duela 16 bat urte hasi zen Ander Olaizola argazkigintza munduan modu aktiboan. Dena den, berak azaldu du txikitatik duela gustuko: «komunioa egin nuenean oparitu zidaten aurreneko kamera, eta orduan atera nituen lehenbiziko argazkiak. Gero, pixkanaka mendiarekin dudan afizioak eraman zidan argazkigintzan hastera».
Ordutik gaur egun arte egin ditu Olaizolak naturako argazkiak: «orokorrean dena egiten dut, izan ere, niretzat naturan dena bat da: badaude animaliak, paisajeak, loreak...».
«Niretzat naturan dena bat da: badaude animaliak, paisajeak, loreak...»
Beste 2-3 proiektu, eskuartean
Hori, argazkien detaileak dira, hain zuen, Olaizolaren lanetatik jendeari gehien gustatzen zaiona. Eta hori abenduaren 10ean Goizuetan egindako aurkezpenean ere argi geratu zitzaion: «herritarrek badakite zer egiten dudan. Horregatik, presentazioan azaldu nuena izan zen nola ateratzen ditudan argazki horiek».
Gainera dio, kanpotik ere mezuak iristen zaizkiola: «Euskal Herri mailan ere, jendeak idatzi egiten dit, nire lana asko gustatzen zaiola esanez. Horrek asko betetzen nau».
Horregatik, ez dio lan egiteari utziko: «badaukat 2-3 proiektu egiteko intentzioa. Gainera, bideoekin hasten ere ari naiz, produktora batekin».