Ez du urte hasiera xamurra izango Hernanik, inondik ere. Madrilen jokatuko dute trikoloreek, 2017ko aurreneko partidua, Ohorezko Mailako 13garren jardunaldiari dagokiona: Cisnerosen kontra jokatuko dute gaur, arratsaldeko 16:00etan hasita, Universidad Complutenseko zelaian.
Ligako bosgarren sailkatua da Cisneros, eta nahikoa lan izango dute hernaniarrek, handik punturik ekartzen. Baina erronka zailenen aurrean ateratzen du bere onena Hernanik, eta ze modu hobea urtea hasteko, indartsuenetako baten zelaian irabaztea baino?
Amaiur Torneoaren bukaera, Euskal Ligari heldu aurretik
Bestalde, gaur amaituko dute Amaiur Torneoa hernaniarrek, La Unicaren kontra; 16:00etan Landaren. Eta datorren astean bertan, Emakumezkoen Euskal Liga hasiko dute. Bost talde ariko dira, eta aurreneko itzuliko onenak, Ohorezko B Mailarako igoera fasea jokatuko du. Beste lauek, bigarren itzulia ere jokatuko dute, beraien artean, hurrengo postuak erabakitzeko.
Hernanirekin batera, Eibar, La Unica, Durangouribezornotza eta Gazterdi ariko dira.
Enara Cacho selekzioarekin, Galesen kontra jokatzeko
Enara Cacho, bere aldetik, Espainiako selekzioak deitu du berriro. Oraingoan, lagunarteko bat jokatuko du Galesen kontra, 15eko errugbian. Datorren larunbatean izango da hori, Villajoyosan.