Datorren hilaren 14an irekiko da Hernaniko 2017ko txotx denboraldi berria, eta Turismo Sailak jakinarazi du, dagoeneko, nork dastatuko duen urteko aurreneko zukua: Paco Etxeberria antropologo eta mediku forenseak, eta hark zuzentzen duen Aranzadi zientzia elkarteak. Hain zuzen, Etxeberriarekin batera etorriko dira Hernanira Juan Arizaga, Ornitologia Saileko zuzendaria, Paul Minguez, Fermin Leizaola etnografoa, Mari Jose Iriarte arkeologa eta Jose Angel Irigarai mediku eta euskaltzaina. Baliteke hernaniarren bat ere tartean izatea, baina oraindik ez dute datu gehiagorik eman nahi izan.
Irekiera ekitaldia eguerdiko 13:00ean egingo da, Plazan, eta Etxeberria eta Aranzadiko lan-taldeko kideak izango dira kupeletik edaten aurrenekoak. Hala ere, lehenago ere izango da giroa zerekin gozatu. Izan ere, herri kirolen erakustaldia izango da, 11:30etan hasita. Bertan ariko da Ostolaza harrijasotzailea, alabarekin batean. Bestalde, aizkolariek abiadura proba egingo dute batetik, eta 5 metroko altueran moztuko dute egurra, bestetik. Azkenik, motozerrarekin enborretik irudia nola ateratzen den ere ikusi ahal izango da.
Hori guztiaz gain, pintxoak dastatzeko aukera izango dute Plazara gerturatzen diren herritarrek, eta, noski, baita urteko sagardo berria probatzekoa ere.