Txanponaren bi aldeak bizi zituzten txirrindulari astigartarrek, joan den larunbatean, pistako Bio Racer Sarian. Jardunaldi bikaina izan zen seigarren hau, herriko kadeteentzat; baina ez ziren emaitza onenak izan Urko Semperena juniorrarentzat, ondo aritu bazen ere.
Jaime Romero, bikain
Maila bikainean aritu ziren Jaime Romero eta Telmo Semperena kadeteak. Aurrenekoak, 5garren egin zuen eliminazioan, eta 9garren puntuazioan; horrekin, bi postu egin ditu aurrera sailkapenean, 14garren jarrita.
Telmo Semperenak, bere aldetik, 10garren egin zuen eliminazioan, eta 4garren puntuazioan. Eta horrela, puntu bat gertuago dauka Julen Dorronsoro liderra, hiru puntura besterik ez, bi jardunaldi falta direnean.
Gertuago ez, urrutiago dauka liderra orain, Urko Semperenak, juniorretan. 7garren izan zen tempo proban, eta 3garren puntuazioan; baina Unai Iribar liderrak erakustaldia eman zuen, eta 11 puntu gehiago ateratzen dizkio orain, 17 guztira. Gainera, Patxi Darthayettek berdindu du, bigarren posturako lehian.
Asteburu honetan izango da azkenaurreko jardunaldia, Anoetako belodromoan.