«Oso pozik» azaldu da BagaGiltza taldea, ostiraleko Gabonetako Jaialdiak jaso zuen erantzunarekin: «jaialdi polita izan zen, eta jende mordoa hurbildu zen. Beraz, eskerrak eman beharrean gara; bertara hurbiltzeagatik, eta gure deiari erantzunez, sinadura bilketan parte hartzeagatik».
Taldeak azaldu du, 640 sinadura dauzkatela, eta beraz, gainditu dutela jarritako erronka, 500 sinadurena: «hala ere, sinadura gehiago lortu nahi ditugu, eta 800etan kokatu dugu hurrengo erronka».
Urtarrilaren 12ra arte egongo da martxan kanpaina, eta mahaiak jarriko dituzte; bihar bertan, adibidez, esne makinaren parean egongo dira, 19:00etatik 20:00etara. «Baina zuen laguntza ere oso eskertzekoa izango da. Iruditzen bazaizue zuen inguruan baduzuela jendea, sinadura emango lukeena, etorri eta utziko dizkizuegu sinadurak biltzeko orriak», azaldu dute.
Laguntzaileak, galdeketaren kanpaina eta egunerako
Eta hortik aurrera, «hiru hilabete garrantzitsu» izango dira galdeketa egunera arte: «horregatik, laguntza eskatu nahi eta behar dizuegu. Talde txikia gara, eta galdeketaren kanpaina eta eguneko lanak egiteko, 50 lagun inguruko taldea osatu behar dugu», azaldu dute.
Beraz, kanpainan edo egunean bertan laguntzeko prest dagoenak, emaila idatzi dezala, gureesku.astigarraga@gmail.com helbidera: «50 lagun elkartuta aidean egingo dugu, baina bestela, nekez».