Pasa den abenduaren 27an EAJk aurrekontuen inguruan prentsan argitaratutakori erantzunez, EH Bilduk dio prest azaldu zirela alderdi guztiekin elkartzeko, eta EAJ izan dela beraiekin bildu ez den bakarra. Era berean, prentsan argitaratutako datu okerrak zuzentzeko ere eskatu dio.
«Bilerak egin ditugu alderdi sozialistarekin; baita Orain Hernanirekin ere»
Aurrekontuak lantzeko borondate eza erakutsi izana leporatu dio EH Bilduk, EAJri. «Hernaniko EH Bilduk aurrekontuak aurkeztu zituenean batzordean, alderdi guztiei esan genizuen prest geundela aurrekontuei buruz hitz egiteko, lantzeko, ekarpenak jasotzeko eta adosteko. Bilerak egin ditugu alderdi sozialistarekin, baita Orain Hernanirekin ere. (...) Bi urte hauetan EAJ izan da alderdi bakarra gurekin eseri ere egin ez dena. Beraz, norena da aurrekontuak ez adostearen ‘arazoa’?».
Era berean, EH Bilduk dio «aurrekontuak lantzeko abenduaren 12an egindako batzordean ez zela EAJko ordezkaririk izan, eta bi zinegotzi dituzue, eta beste bi ordezko, batzorde guztiekin. Beraz, borondate ezarekin, eta batzordeetan parte hartu gabe, zaila da akordioetara iristea. Hala ere, hurrengo aurrekontuetan ere prest izango gara zuekin, beste alderdiekin bezala, gaia landu eta adostasunera iristeko».
Zuzenketa eske
Bestalde, EH Bilduk gogorarazi dio EAJri «prentsan egindako balorazioan erabilitako datuak ez direla zuzenak». Plenoan argitu zutela dio, eta hori horrela, «publikoki, prentsan ere, errektifikazioa egitea eskatzen dizuegu». yy