300 lagunetik gora izan ziren larunbatean, urtea Wukroren alde korrika bukatzea erabaki zutenak. Festa giroan, mozorrotuta eta Plazan hasi eta bukatzeak ematen duen xarmarekin jokatu zen Hernaniko San Silbestrearen laugarren edizioa. Gizonezkoetan, aurtengo irabazlea, bizkorrena, Salah Amaida sahararra izan zen 11:55:29ko denborarekin; Amaidak irabazi zuen baita ere 2013ko San Silbestrea. Emakumezkoetan Maitane Gerrero hernaniarra izan zen azkarrena, 13:57:89ko denbora eginda. Gizonezkoetan bigarren sailkatua ere hernaniarra izan zen: Andoni Olazagirrek 11:55:94 behar izan zituen ia 4 kilometroak egiteko; emakumezkoetan berriz, Irunetik etorritako Idoia Picok egin zuen bigarren denbora onena: 14:19:34. Podiumera hirugarren tokian joan den urteko txapelduna igo zen, gizonezkoen kasuan: Yohanes Merino, 12:09:89 eginda; emakumezkoetan berriz, hernaniarra izan zen hirugarren bizkorrena: Lierni Zinkunegik 14:31:09 behar izan zuen lasterketa bukatzeko.