Ainara Azpiazu Axpik erakusketa jarria du Biterin: besteak beste, liburuetarako egin dituen margo originalak jarri ditu ikusgai; mural bat ere margotu berria du... Eta gerturatzen denari bisita gidatua ere egiten dio, nahi izanez gero. Erakusketa urtarrilaren 5a arte dago zabalik 17:30etatik 20:30etara.
Ipuin kontaketa, gaur
Dobera Euskara Elkarteak argitaratu berri duen Mozoloaren bidea liburuko ilustrazioak ere Axpirenak dira eta ikusgai daude erakusketan bertan. Eta horien atzean dagoen istorioa ezagutzeko ba al dago ipuina kontatzea baino modu hoberik? Erakusketa aprobetxatu eta ipuin kontaketa antolatu dute gaur Axpik eta Dobera Euskara Elkarteak elkarlanean; 17:30etan izango da kultur etxean.
Ipuina bera jatorriz armeniarra da eta bi hizkuntzetan dago argitaratua: beraz, armenieraz eta euskeraz izango da gaurko kontakizuna. Jexux Eizagirrek, euskerazko bertsioaren egileak aurkezpenean azaldu zuen, pentsarazi egiten duen ipuina dela Mozoloaren bidea: aurkezpenean zioen moduan, «ipuinaren moraleja da, mozoloa dela premia duenari laguntzen ez diona. Mezu horrek indar haundia dauka gaur egungo gizartean». Herriko txiki eta ez hain txikiak gonbidatuta daude gaurko aurkezpenera. Liburua bertan eskuratzeko aukera ere izango da.
‘KomikHitzaldia’, etzi
Axpik erakusketan jarri ditu erakusgarri baita ere Altza Porru liburuaren orijinalak. Hori aprobetxatuz KomikHitzaldia antolatu dute etzi, 19:00etan, Biteri kultur etxean. Altza Porru liburuaren aurkezpena egingo dute bertan, eta Jakoba Errekondok baratzearen sekretu guztiak deskribatuko ditu bertan. Altza Porru liburuko marrazkilariak ere izango dira bertan. Umorea, partehartzea eta sormena uztartuko dituzte KomikHitzaldian.