Laugarren urtez Wukroren aldeko San Silbestrea egingo da aurten, CD Hernanik eta Hernani Wukrorekin GKEk antolatuta. Hiru lasterketa izango dira: 8 urte artekoa 17:30etan; 8-13 urte bitartekoa 17:45etan eta 14 urtetik gorakoa, nagusia 18:00etan. Aurten partehartze haundia espero dute, eta dagoeneko izena askok eta askok eman badute ere, gaur bertan izango da aukera.
100% Wukrorako
San Silbestrean biltzen den diru guztia Wukrora bidaltzeko izaten da, eta horrek duen garrantziaz jakin nahian, Angel Olaranekin hitz egin du Kronikak. Hernani bezalako herri batek Wukrori ematen dion babesa sekulakoa dela dio Olaranek: «pozgarria da, ez diruaren ikuspuntutik bakarrik, halako ekimenek gure lana ezagutarazteko balio dutelako, Wukron bizi den errealitatea jendearengana gerturatzeko. Afrikan 5 segunduru 10 urtetik beherako neska-mutilen bat hiltzen da. Zabaltzen diren irudietan pozik ageri dira, baina behar luketena baino garapen murritzagoa dute. Eskerrak eman eta herritarrak animatu nahi ditut gaurko lasterketa solidarioan parte hartzera».