Hernani Zero Zabor herria!, Fracking ez! Errausketarik ez!, Herri honetan ez da eraso sexistarik onartuko!, AHTrik ez!, Kaxkoa ixilik, Kaxkoa bizirik!, Euskal presoak euskal herrira!, Hernani ez da Venezia, uholdeei irtenbidea ya!, Karbonera bizirik!, Etxe hutsak okupatu! Intsumisioa, LOMCEri ez!, Euskara ari du! Gaur hautestontzia, bihar erabakia... eta beste dozenaka aldarrikapen irakurri daitezke Hernanira sartu orduko. Aldarrikapenei dagokienean, munduan ez du parekorik Hernanik. Hori baliatu nahian, herritar talde batek eskaera egin dio Guinness World Records fundazioari.
John McBear Hernanin izan da zenbaketa egiten
Kronikari prentsa ohar bidez azaldu diotenez, hiru hilabetez itxaron ostean, jaso dute erantzuna: «jarraitu beharreko prozeduraren berri eman digute gutun zertifikatu baten bidez». Lehenengo pausua, John McBear ikuskatzailearen bisita izan da. Hernanin izan zen joan den astean eta taldeko bi arduradunekin batera, herrian barrena ibili zen kartel, pintada eta bestelako mezu edo aldarriak zenbatzen: guztira 481 zenbatu zituzten. Hausnarketa egin ostean, Irlandara bueltan da McBear. Orain arteko errekorra Mexikoko Chiapas estatuko San Cristobal de las Casas hiriak zuen, 377 aldarrikapenekin.
Ekitaldi ofiziala, gaur
Guinnes errekorrak 1955 urtetik banatzen ditu Guinness World Records fundazioak. Lehendik ere, hernaniar batek badu hain desiratua den errekonozimendu hau: Xabier Salillasek. Oraingoan ordea, herri osoak jasoko du aitortza. Ekitaldi ofiziala gaur iluntzeko 19:00etan izango da Biteri kultur etxean. Herritarrak gonbidatu dituzte argazki ofiziala ateratzera.