Urtea bukatzear dagoenean, zita jarri du Astigarragako Txirrindulari Taldeak, 2017ko lizentziak egin edo berritzeko. Bihar egongo dira, arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara udaletxeko areto nagusian, lizentziak tramitatzen; 120 euro dira, eta esku dirutan eraman behar dira.
Kedada, urtarrilaren 7an
Urte berrirako, hainbat zita ere jarri dituzte dagoeneko. Urtarrilaren 7an izango da aurrenekoa: mendiko bizikleta topaketa edo kedada antolatu dute, Santiomendiko zelaietan barrena ibiltzeko, goizeko 10:00etatik aurrera.
Herriko haur eta gazte guztiak gonbidatu dituzte, bizikleta gainean daukaten trebezia erakustera. Bertara igotzeko, furgonetak jarriko ditu antolakuntzak.