Ez zuten hutsik egin Urko eta Telmo Semperena astigartarrek, joan den larunbatean ere, aurreko postuetan; baina ezta kontrarioek ere, eta berdintsu jarraitzen dute sailkapenean, lehia bizian. Bigarren daude biak, junior eta kadete mailetan, hurrenez hurren, Bio Racer Sarian.
Scratch proba izan zuten bosgarren jardunaldiko aurrenekoa, juniorrek. Bosgarren sailkatu zen Urko Semperena, eta justu bere atzetik sartu zen Unai Iribar liderra; horrekin, puntu bat gertuago zegoen sailkapenean. Avironeko Patxi Darthayettek irabazi zuen.
Bigarren proban, berriz, Iribarrek aurrea hartu zion astigartarrari: seigarren eta zortzigarren izan ziren, eta bi puntu atera zizkion; hortaz, sei puntura dago Semperena orain, sailkapen nagusian. Jon Arakamak irabazi zuen proba.
Telmo Semperena nagusi, ‘japonesa’ proban
Ondo ekin zion jardunaldiari, Telmo Semperenak ere; eta nagusi izan zen japonesa edo tempo proban. Hirugarren geratu zen Julen Dorronsoro liderra, eta bost puntu atera zizkion horrela. 18garren sartu zen Jaime Romero astigartarra.
Puntuaziokoan, ordea, alde hori galdu zuen Semperenak, eta baita lau puntu gehiago ere: Dorronsoro bera nagusitu zen, eta bosgarren izan zen astigartarra. Lau puntura dago orain, sailkapenean. Jaime Romerok lortu zuen proba bukatzea, nahiz eta punturik ez jaso, eta 16garren jarraitzen du.
Larunbat honetan jokatuko dute seigarren jardunaldia: Anoetako belodromoan, goizeko 09:30etan hasita.