Hastera doan urte berrian beteko dira 30 urte, Astigarraga herri independiente gisa eratu zela, 1943tik 1987ra Donostiaren auzo izan ondoren. Herritar batzuk, ordea, ez daude oraingo egoerarekin ados: «Astigarragak ez zion utzi behar, Donostiaren auzo izateari», diote prentsa oharrean.
Eta horregatik, Astigarraga beti Donostia! taldea sortu dute, 1987ra arteko egoerara bueltatzeko: «berriro Donostiako auzo izateko lan egingo dugu», aldarrikatu du taldeak.
«Askoz ere baliabide gehiago izango genituzke, Donostiaren parte bagina»
Taldeak uste du, Donostiaren parte izateak asko lagunduko liokeela Astigarragari, hainbeste hazten ari den garai honetan: «askoz ere baliabide gehiago izango genituzke; autobus linea gehiago, esate baterako. Eta tren geltokia ere, dagoeneko izango genuen Astigarragan. Erraztasun eta sendotasun haundiak emango dizkigu, Donostiaren auzo izateak».
Baina baliabide eta erraztasunez gain, sentimenduak ere hor daudela nabarmendu du taldeak: «donostiar sentitzen gara, eta sentimendu hori ez dute ezabatu 30 urte hauek».
Mozio bat aurkeztuko dute Udalean, eta sinadura bilketa ere egingo dute.
Bilera urtarrilean, «anexio prozesua martxan jartzeko»
Dagoeneko ari da lanean taldea, eta herritar guztiak animatu nahi dituzte, parte hartzera. Horregatik, bilera egingo dute urtarrilean, «anexio prozesua martxan jartzeko».
Bertan landuko dute, Udalean aurkeztuko duten mozioa, prozedura abiatzea eskatuz; eta sinadura bilketa ere hasiko dute, anexioaren alde.
Bi Udaletako eta Aldundiko ordezkariekin ere, eskatuko dituzte bilerak.