Ezohiko eguna eta ordua izango ditu, Astigarragako Udalaren urteko azkeneko plenoak. Gaur bilduko dira, eguerdiko 14:00etan hasita, udaletxeko areto nagusian.
Ezohiko plenoa izango da, eta 2017ko Udal Aurrekontuak dira landuko duten puntu nagusia. Zehazki, bozkatuko dute 2017ko aurrekontuei hasierako onarpena ematea.
Bederatzi puntu aztergai, eta lau mozio tartean
Laugarren puntua izango da 2017ko aurrekontuena, bederatzi puntuko gai ordenean.
Hasteko, onartuko dituzte aurreko plenoko akta, eta Zarkumendegira doan bidegorriaren obraren likidazioa. Eta kreditu gehigarri bati ere, 42016 zenbakia duenari, behin betiko onarpena emango diote.
Aurrekontuak landu ondoren, bozkatuko dute baita ere, onartzea tokiko garapena, sustapen ekonomikoa eta enplegua saileko udal lankidetza hitzarmena.
Eta bukatzeko, lau mozio aztertu eta bozkatuko dituzte plenoan: Euskal Sozialistek aurkeztutakoa, elikagai bankuari buruz; AHCrena, guraso bakarreko familien eskubideen inguruan; EH Bildurena, Espainiako indar polizia erretiratzea eskatuz; eta Euskadiko polio elkarteak aurkeztutakoa.