Bertsoak, testuak eta ipuinak uztartuko ditu gaur Miren Amurizak, Kapulana bat zintzilik emanaldian. Mozanbikeko eskualde batean bizi eta ikusitakoa gerturatu nahi die hernaniarrei. Emanaldiaren izenburuak ondo erakusten du hori: kapulanak dira Mozanbikeko emakumeek erabiltzen dituzten oihal koloretsuak. Modu askotara erabiltzen dituzte: soineko gisa, haur eramaile gisa, janaria biltzeko edo etxeak apaintzeko. Ikuskizuna sortu zen Mundukide Fundazioak Mozanbiken egiten duen lana ikustarazteko. Euskal Herriko hainbat txokotan izan ostean, Biterin izango da gaur Miren Amuriza. Bertsolataren barruan antolatu dute ekitaldia 19:00etan. Sarrerak 18:00etatik eskuratu ahal izango dira, Biterin bertan, 3 euroan.
Jaialdi nagusia, ostiralean
Bertsolatarekin jarraituz, jaialdi nagusia ostiralean antolatu dute: Xebastian Lizaso, Unai Agirre, Beñat Mujika, Etxahun Lekue, Nerea Elustondo eta Aitor Mendiluze. 22:00etan izango da emanaldia eta aurretik izango dira sarrerak eskuragarri, 6 euroan.