Auzo Udalak Kronikara bidalitako prentsa oharrean jakinarazi duenez, errepide nagusiaren inguruko argiteria aldatu du: «sodiozko 150 w-tako 19 argi puntu LED teknologiakoez ordezkatu dira».
Oharrean azaldu dutenez, aldaketa honen bitartez energia kontsumoan aurrezpen garrantzitsua izango du Auzo Udalak: «kontsumo baxuagokoa da argiteria berria, eta eraginkortasun haundia du, LED teknologian oinarritua baitago. Hain zuzen ere, %65eko aurrezpena emango da kontsumo energetikoan. Horrekin batera, atmosferara ixuritako CO2 kopurua nabarmen murriztuko da».
Argiteria aldaketan Auzo Udalak egindako inbertsioa 9.300 eurokoa izan da. Azaldu dute, argiteria zaharraren kontsumoa, urtekoa, 13.638 kwh zela eta 1.636 euroko kostua suposatzen zuela. Era berean, gogoratu dute sodioko lanparak lau urtean behin aldatzen direla. Argiteria berria jarrita, aurreikusi dute urteko kontsumoa 4.725 kwh izango dela; eta urteko kostua berriz, 567 eurokoa. LED teknologiakoa da argiteria berri hau, eta 50.000 orduko bizi iraupena aurreikusten zaiela azaldu dute, 12 urte ingurukoa.
Azkenik, jakinarazi dute, egindako inbertsioa Energiaren Euskal Erakundearen diru laguntza deialdira aurkeztu dela, eta honek oraindik ez duela dirulaguntzarik banatu: «dirulaguntza jaso ala ez, datuek adierazten dute egindako inbertsioa errentagarriagoa izango dela, nahiz ekonomikoki, nahiz ingurumenaren ikuspegitik».