«Ekainean egi bihurtuko dugu erabakitzeko dugun eskubidea»

Kronika - Erredakzioa 2016ko abe. 24a, 01:00

Mendialdeko Gure Esku Dago aurkeztu zuten joan den larunbatean, Lekunberrin. 2014tik hainbat ekitaldietan hartu dute parte, eta ofizialki elkartzea erabaki dute orain: «gure garaia ere iritsi da ba! Goizueta, Arano, Leitza, Areso, Araitz, Betelu, Larraun eta Lekunberriko hainbat herritar elkartu ziren larunbateko aurkezpenean: «adin, lanbide, alor eta sentsibilitate politiko anitzekoak gara eta horren isla dugu hemen atzean elkartu ditugun kideak».

«Indarrak batu ditugu»
Orain arte, euren aldarrikapenak herriko plaza eta txokoetan egin dituztela gogoratu zuten, eta orain, elkarrekin eginen dituztela, indarrak batuta: «Hemen gaude! izena du sortu berri dugun proiektuak, eta helburua da, herritarrek euren borondatea modu argian azaltzea: «hau da gure aukera!». 

Herri galdeketa, ekainean
Ekainean herri galdeketa egiteko asmoa dutela ere, azaldu zuten: «honek berme juridikoa eta bali­oz­kotasun legala izan dezan, protokolo zo­rrotza jarraituko da; eta hori ba­karrik ez, hemendik ekainera bitarte hainbat pauso eman beharko ditugu, galdeketa gauzatu ahal izateko».
Pausu hori eman aurretik, herritarren zalantzak eta iritziak biltzeko inkesta egin dutela ere azaldu zuten: «gure gizartea osatzen duten eragile anitzekin elkartu ondoren, horietako askoren atxikimendua lortu dugu. Nabarmentzekoa da, orain arte dinamikarekiko itxirik egon den jendea hurbiltzea ere lortu dugula. Inkestaren emaitzetan eta hartu eman horietan argi ikusi dugu herritarren oniritzia badugula. Horregatik, 2017ko ekainean erabakitzeko dugun eskubide de­mokratikoa egi bihurtuko dugu». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!