Bihar hasiko dira ofizialki Gabonak, gabon gaueko ekintzekin, baina gaurko kontzertu, emanaldi, kalejira eta Olentzeroak hasiko dira kaleak girotzen.
Musika eskolako irteera, aurrenekoa
Urtero musika eskolako ikasleek egiten duten irteera izango da aurrenekoa. Arratsaldeko 17:00etan hasiko dute kale buelta Plazatik, eta Gabonetako abestiekin girotuko dituzte kaleak.
Olentzero, Bidebietan
Ordu berean azalduko da Olentzero Bidebietako plazan, eta bertan izango da bi orduz, arratsaldeko 19:00ak arte, muxuak eman eta eskutitzak jasotzen.
Gabonetako kontzertua baita ere, Chillida Lekun
Hernaniko erdigunetik aterata, Chillida Lekuko paraje ederrean eskainiko dute emanaldia Landabaso abesbatzak, Kaabestri Ensembleak, eta Esther Barandiaran pianistak. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da hau ere, eta bertaratzeko ezinbestekoa izango da sarrera eskuratzea Kutxabanken webgunean. 25 euro dira.
Txistulari banda, Milagrosan
Herriko txoko guztietan egongo da zer entzuna edo ikusia, baita Milagrosan ere. Bertan kontzertua eskainiko du urtero bezala Txistularien Bandak, piano-jole baten laguntzaz. 19:30etan izango da.