Urteko azkeneko Plenoa egin zuten Hernaniko udal ordezkariek herenegun. Ez-ohiko deialdia izan bazen ere, erabakigarria izan zen, bertan onartu baitziren 2017ko Udal aurrekontuak, 31.372.113 eurokoa. Aurrekontuak barne hartzen ditu Udalaren beraren aurrekontua, Zerbitzu Sozialen arlokoa, eta Ereñotzukoa.
«EH Bilduren programaren egitasmo eta proiektuak aurrera eramatea bilatu da»
Astearteko Plenoak landutako zazpi puntuetatik, aurrekontuen onarpena izan zen eztabaida luzatu zuena. Eta horiek azaldu aurretik, Luis Intxauspe alkateak egin zuen aurtengo aurrekontuen proiektuaren garrantzia azpimarratu nahi izan zuen: «Udal Gobernu honen bigarren aurrekontuak dira, eta EH Bilduren programaren egitasmoak eta proiektuak aurrera eramatea bilatu da. Arlo sozialak bere garrantzia du».
Gainera, nabarmendu zuen aurrekontuak «adosteko lanketa» egin dela, eta ondorioz, «EH Bilduren eta Orain Hernaniren aldeko botoekin egindako diktamena» izan dela.
Ingurumen eta gazteen arloak indartuko dituzte 2017an.
Aurrekontua, txikiagoa
Guztira 31.372.113 euro aurreikusten dituen datorren urteko aurrekontuaren gorabeherak Isa Sanchez ogasun zinegotziak eman zituen, ondoren: «2017rako udal aurrekontua 25.714.326 eurokoa da, iaz baino 862.000 euro gutxiago (-%3,24). Zerbitzu Sozialetako aurrekontuak 55.905 euro gehiago izango du (%0,72), eta Ereñotzuk 13.389 euro gutxiago (-%3,36). Guztira, 796.325 euro gutxiago (-%2,47)». Horrez gain, aipatu zuen: «Hernaniko zorra %5,82koa da, Gipuzkoako bataz bestekoaren oso azpitik (%31,5)».
Arlo bakoitzen inguruko xehetasunak zinegotzi bakoitzak eman zituen: ingurumena eta gazteak izan dira 2017an indartu nahi diren arloak. Bestalde, gizarte zerbitzuetako Xabi Lertxundi pozik agertu zen: «zerbitzu sozialetan ez delako inongo murrizketarik egin; eta aurrekontuak ez duelako inongo emendakinik jaso, hau da, bere horretan joan da».
EAJ eta PSE-EE, kontra
Orain Hernaniko bi ordezkariek ez ziren Plenora bertaratu, beraz, oposizioa, EAJ eta PSE-EE, aurrekontuaren kontra azaldu zen: «zerbitzu sozialen eta Ereñotzukoaren alde bozkatuko genuke», onartu zuten Andoni Amonarraiz eta Ricardo Crespok, EAJ eta PSE-EEko bozeramaileek, hurrenez hurren.
Orain Hernaniko bi zinegotziak bertan ez bazeuden ere, publikoan zeuden kideek hartu zuten hitza Plenoa bukatzear zela: «botoa egon ez bada ere, Orain Hernaniren botoa baiezkoa zen». Beste herritar batek, aldiz, Intxauspe alkateari galdetu zion «ea norekin negoziatu dituen aurrekontuak». Eta alkateak prozesua azaldu eta erantzun zion: «akordioetara iritsi gara Orain Hernanirekin, nahiz eta bi zinegotziak ez egon».
Hainbat diru-laguntza, onartuta
2017ko aurrekontuaz aparte, hainbat diru-laguntza onartu ziren. Bai euskarari ziurtagiriari emandako diru-laguntza zuzena, aurrenekoa, aho batez onartu zena. Ondoren, aho batez onartutakoa hau ere, kiroldegiko berritze-lanak direla eta, Waterpolo eta Igeriketa taldeei emandakoa, kanpoko instalazioak erabili behar izateagatik. Azkenik, diru-laguntzen 2017-2019 plan estrategikoa onartu zuten, baita ere. Kasu honetan, EH Bilduk eta EAJ alde bozkatu zuten, eta PSE-EE abstenitu egin zen.
*Abenduaren 31ko Kronikan zabalago landuko dira aurrekontuak, datuak eta alderdi guztien balorazioak bilduta.