Siriako errefuxiatuei laguntzeko hainbat ekimen jarri dira martxan azkeneko urtean, eta horietako bi Hernanin izango dira aste honetan. Gaur hasiko da Kepa Alvarez hernaniarra errefuxiatuentzat esnea biltzen; Atsegindegin jarriko du furgoneta 10:00etatik 20:00etara, gaurtik ostiralera bitarte.
Bestalde, azokan salduko dute bihar Zorionekoa naiz liburua Pasaportes Para Siria elkartekoek. 10 euroan erosi ahal izango da, eta irabaziak Atenasko City Plaza hotelean bizi diren 400 bat errefuxiatuentzat izango dira.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin
Pasaportes Para Siria elkarteak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin argitaratu du Zorionekoa naiz liburua, bi hizkuntzatan: euskeraz eta gaztelaniaz.
Sara Pinedak idatzitakoa da, eta Clara Casanovak egin ditu ilustrazioak. Elkarteak berak azaldu duenaren arabera, ipuin honen helburua da, «familiek eta hezitzaileei aukera ematea txikienekin lantzeko gerra baten ondorioz dena galdu duten pertsonen drama».
Amalen aldeko sinadura-bilketa, baita ere
Horrez gain, Pasaportes Para Siria elkarteak martxan dauka #AmalGipuzkoara kanpaina, Inmigrazio Zuzendaritza Nagusiari Amal errefuxiatu siriarrari bisa humanitarioa eman diezaioten eskatzeko. Horren aldeko manifestua sinatzeko aukera ere izango da bihar.
Bost seme-alaba dituen emakumea da Amal, arrazoi bikoitzarengatik errefuxiatua dena: Siriako gerratik ihesean dabilelako, batetik; eta jasandako indarkeria matxistagatik, bestetik.