Santo Tomas eguna da gaur, beraz, hamaika aukera izango dira txistorra eta ogia, edota mota askotako taloa jateko. Talde eta auzo elkarte gehienek asteburuan ospatu bazuten ere, beste batzuek gaur bertan egingo dute festa.
Hainbat ekitaldi, Goiz Eguzkin
Horietako bat da Goiz Eguzki jubilatuen etxea. Goizeko 11:00etan hasita, hainbat ekimen antolatu dituzte bertan. Gonbidatuen harrerarekin hasiko da giroa bertan, eta ondoren eskainiko dute udazkeneko menua. Segidan banatuko dituzte herri-jolas txapelketako sariak, hala nola, toka, igela botea eta gezia.
Ondoren, 4 saski zozketatuko dira bazkideen artean; eta festa bukatzeko, Santo Tomas eguneko txistorradari ekingo diote.
Goiz osoko festa, Inmakuladan
Inmakulada ikastetxeko ikasle, irakasle eta gurasoek ere izango dute non gozatua. Egun berezi hau izango dute hemen ere; goizeko 10:30etatik eguerdiko 12:00ak arte, festa giroa izango da nagusi.
Txistorra jateko aukeraz gain, ikasleek barazkiak, frutak, pastelak... denetarik salduko dute elkartasun azokan, eta eguna bukatzeko, 12:00etan, Gabonetako saskia zozketatuko dute, hauek ere.
San Joan Konpartsa, Donostian
Donostian izango da San Joan Konpartsa taloak saltzen; Gipuzkoa Plazan jarriko dute postua, egun osoan zehar.