Urteari agur berdinketarekin esan dio Astigarragako Mundarrok. Azken sailkatuaren bisita, Behobiarena jaso zuen larunbatean Zarkumendegin, beraz, partidu garrantzitsua izan zen bi taldeentzat.
Berdinketa, jokoan ere
Markagailuan bakarrik ez, jokoan ere, berdindua joan zen aurreneko zatia. Bisitariak ondo aritu ziren, txukun baloiaren borroka gehienetan. Etxekoak izan ziren ordea, gol aukera gehienak izan zituztenak, partidu osoan zehar. Gol aukera garbienak Igor eta Gutirenak izan ziren; azken honek esaterako, langara bidali zuen jaurtiketetako bat.
Talde morea gogotsu aritu zen, baina momentu batzuetan, urduritasuna izan zen berdeguneko protagonista: prezipitazio gehiegirekin jokatu zuten.
Urtea bukatuta, 2016a gorabehera askokoa izan da Mundarrorentzat, eta jaitsiera postuetan itxiko dute urtea. Indartsu eta gogotsu hasiko dute ordea 2017a, egoera honi buelta emateko helburuarekin.