EH Bilduk aurreko urteetan izan duen dinamikari eutsi, eta aurrekontuen lanketa auzo eta herritarren parte hartzearekin egin du; hala jakinarazi zuten ostiralean emandako prentsaurrekoan. EH Bilduren esanetan, EAJren gobernuak osatutako aurrekontuak partehartzerik gabe landutakoak dira: «informazio eta gardentasun arautegia ez dute bete, bulego itxi batean sukaldatu dira. EAJren partehartze politika hutsaren hurrengoa da».
Andoni Gartzia bozeramaileak bi hitzetan definitu zituen aurrekontuak: «zaharrak berri. EAJren proiektu ezaren isla dira aurrekontuak. EH Bilduk 2016an aurkeztutako emendakinak hartu eta aurrekontu proiektuan gehitu besterik ez dute egin: Sagardo Plaza, Anuska eta kiroldegia dira horren adibide nagusi».
«Haurreskola, hutsune nagusiena»
EH Bilduren esanetan haurreskola berriaren proiektua gauzatzeko erakutsitako interesik ez dute erakutsi: «hutsune nagusi eta larriena da haurreskolarena. Proposatutako 10.000 euroak Plenoak hartutako erabakiari kasurik ez egitea dela uste dugu. Ez lirateke nahikoak obra proiektua bera idazteko ere».
«200 herritarren partehartzea»
Hori horrela, EH Bilduko Gartziak azaldu zuen, beste behin, aurrekontuak herritarrekin lantzeko erabakia hartu dutela: «batzarrak Perurenan, Santiagomendiko bi zonaldetan, Oialumen, Ergobian eta Erdigunean egin ditugu. Horiez gain, postu ibiltariak ere jarri ditugu aurten, herritarrei aurrekontuen lanketan esku hartzeko aukera areagotuz. Galdeketa panela ere jarri dugu, eta sare sozialetan eta Interneten zabaldu dugu; arrakasta nabaria izan da». Azkenik Online galdeketen erremintarekin, herritar gehiagorengana iristeko aukera ere izan dugu». Guztira 200 pertsonek hartu dute parte aurten, EH Bilduk antolatutako aurrekontu partehartzaileetan.
800.000 euroko balioa duten 23 emendakin
Hori horrela, eta herritarren ekarpenak oinarri hartuta, EH Bilduk 800.000 euroko balioa duten 23 emendakin egin dizkie aurrekontuei: «23 emendakin horiekin 27 ekimen bideratu nahi dira. Gure indarra jarri dugu hezkuntza, euskera, kirola, auzoak, irisgarritasuna, parte-hartzea, berdintasuna eta justizia soziala bultzatzeko. Herritar eta auzotarrekin partekatutako eskaeretan oinarritzen dira gure emendakin gehienak, eta guztiek herriaren beharrei erantzuten diete. Horregatik guztiagatik, bai EAJri eta baita PSE-EEri eskatzen diegu Astigarragaren alde lan egin nahi badute, gure emendakinak kontuan izan ditzatela».
23 EMENDAKIN, 27 EKIMEN
1. Haurreskola berrian obrak egiteko 90.065 euro gehiago.
2. Haurreskola berriko lokala eskuratzeko 78.750 euro.
3. DBH Instituturako hiritartze proiektua idazteko 20.000 euro.
4. Euskera ikasteko dirulaguntza gehiago izan eta erakargarriagoak izateko 19.000 euro gehiago.
5. Herri bideak berritzeko obretarako 150.000 euro.
6. Galtzaur Kalea asfaltatzeko 30.000 euro.
7. Goiko Iturriko urak desbideratzeko proiektua idazteko 22.000 euro.
8. Kiroldegiko egokitze lanekin jarraitzeko 56.000 euro gehiago.
9. Santiagomendiko kaxkoaren hiritartze prozesua idazteko 24.000 euro.
10. Oialumeko Auzo Biltokiaren inguruko hiritartze lanak gauzatzeko 27.000 euro.
11. Perurenako auzorako lokala (ludoteka) egokitzeko 25.000 euro.
12. Perurenako autobus geltokiaren hiritartzea burutzeko 5.000 euro (markesina eta espaloia).
13. Perurenako frontoiaren mantenurako 10.000 euro.
14. Arrobitxulotik Eskola eta Kiroldegirako igogailuaren proiektua idazteko 22.500 euro.
15. Irisgarritasun planeko inbertsioak gauzatzeko 40.000 euro.
16. Mugikortasun Plana idazteko 5.000 euro.
17. Sagardoaren kultura sustatzeko 12.000 euro.
18. Baserritarren aldeko ekimenak bideratzeko 12.000 euro.
19. Komertzioaren biziberritzea: 35.000 euro.
20. 15.000 euro Fundazioko (gaur egungo Kultur Etxea eta lorategiak) ondarearekin zer egin erabakitzeko parte hartze prozesua bideratzeko.
21. Mapa Moreak jasotzen dituen ekintzak gauzatzeko 40.000 euro.
22. Etxetik ateratzeko mugikortasun arazoa dutenentzat zerbitzua 6.000 euro.
23. Pobrezia energetikoari aurre egiteko 10.000 euro. Gasa eta elektrizitatea ordaintzeko arazoak dituzten familientzako dirulaguntza programa bideratzeko.
24. Helduentzako kirol eta aisialdi parkea 15.000 euro.
25. Memoria Gunea sortzeko 10.000 euro.
26. Gazteek erabakitako ekimenak egin eta sutatzeko 10.000 euro.
27. Udalbiltzako kide kuota ordaintzeko 10.000 euro.