Pelotazaleek ez dute aitzakiarik oraingo honetan, gozamenerako. Ostiralean jaialdi bikaina izan zen, Titin III eta Xala, eta pelotari hernaniarrekin. Eta gaur, beste bi partidu garrantzitsu jokatuko dira.
Kluben artekoan, Pagazperen kontra
Orain arte maila bikaina erakutsi dute pelotari hernaniarrek, Kluben arteko Euskal Herriko Txapelketan. Lehengo asteburuan Amezketako Zazpi Iturri klubari irabazi zion Hernanik, hirugarren kanporaketan, eta gaurkoan, 17:00etan hasita Amezketan, Usurbilgo Pagazperi egin beharko dio aurre, final laurdenekoetan. Usurbildarrak faborito badira ere, maila bikaina erakusten ari dira hernaniarrak.
Infantilek, finala
Unax Uitzi eta Anartz Oiartzabal, berriz, Zizurkilgo Txapelketako finalean izango dira gaur, 10:00etan. Aurreko bi partiduak irabazita, indartsu dabiltza, baina aurkari gogorra izango dute: Oiarpe.