«Zorroztasuna falta dela ikusi dugu, iaz negoziatutako partidetan»

Kronika - Erredakzioa 2016ko abe. 18a, 01:00

Udal Gobernu Taldeak aurkeztutako 2017ko Udal Aurre­kontu proposamenari osoko emendakina aurkeztu dio PSE-EE alderdiak.
Herenegun, prentsaurrekoan azaldu zituen zergatiak.

«Aurrekontuak ez dira egokitzen hernaniarren behar eta eskakizunetara»
Ricardo Crespo, PSE-EEko bo­ze­ramaileak azaldu zituen osoko emendakina aurkezteko arrazoiak. «Bilduren neurrira egindakoak dira, eta ez dira egokitzen hernaniarren behar eta eskakizunetara».
Hala erakusten du, Cres­poren ustez, «atez atekora 1.758.000 euro bideratzeak, San Markora 260.000 euro, eta auzo konpostera 52.000 euro». Bizilagunek beste sistema bat nahiago dutela diote sozialistek. «Horren adibide da, Her­nani Erabaki prozesuan herritarrek egindako proposamena, hondakin bilketa sistemaren inguruan galdetzearena, atzera bota zuela EH Bilduk, bere praktiken kontra zijoalako. Gure ustez, horiek ez dira aurrekontu parte-hartzaileak».
Bestalde, sozialisten ustez «bitxia da auzo konposterako partida 22.000 euro haundi­tzea, eta kale garbiketakoa, 10.000 euro bakarrik. Gainera, fatxadak garbitzeko partida ezabatu da». 

«Inbertsioetan, ausardia falta»
Era berean, «inbertsioetan au­sar­dia falta» dela diote sozia­lis­tek. «Karabelerako 100.000 eu­ro bi­deratzea ez da nahikoa; ge­ra­ki­narekin partida haundituko omen du Gobernu Tal­deak, bai­na badakigu zer gertatu zen au­zoko bigarren fasearekin ere». 
Bestalde, «iaz negoziatutako partidetan zorroztasun fal­ta» salatu dute sozialistek. Aipatu dituzte zarata mapa eta, artistentzako diru-la­gun­tzak berandutu izana... 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!