«Haurreskolarako aurrekontua 60.000 eurotara igotzea eskatu dugu»

Kronika - Erredakzioa 2016ko abe. 17a, 01:00

Astigarragako alderdi sozialistak lau emendakin aurkeztu ditu 2017ko aurrekontuetan; hala jakinarazi du Kronikara bidalitako prentsa oharrean. Emendakinekin aurrekontuetan 100.000 euroko aldaketak egitea proposatu du.
Prentsa oharrean, alderdi sozialistako bozeramailea den Mikel Duranek azaldu du, emendakinen helburua dela herritarren beharrei modu eraginkorragoan erantzutea.

Haurreskola berria, Sagardo Etxea, terrorismoaren biktimak eta mugikortasun plana dira, emendakinetan alderdi sozialistak landu dituen gaiak.

Moldaketa haundiena, haurreskolaren aurrekontuan
Azaldu du emendakinen artean, diru kantitate gehiena haurreskola berrirako aurreikusi dutela: «Gobernu Taldeak aurreikusitako 10.000 euroak 60.000 eurotara igotzea eskatu dugu. Al­da­keta honekin, haurreskolak kalitatezko zerbitzua emango die Astigarragako txikiei eta hauen senideei».
Haurreskolarekin lotuta, alderdi sozialistak gogoratu nahi izan du, joan den astean alegazioa aurkeztu zuela kredituan egindako aldaketari: «kredituan aldaketak egitea onartu zen azaroko Plenoan. Alegazioan eskatu dugu haurreskolako proiektua idazteko 45.000 euro aurreikustea, soberakina erabilita».

Beste hiru proiekturen inguruan ere, proposamenak
Prentsa oharrean alderdi so­zi­alistak beste bi proiektu ere ai­patzen ditu. Horietako batean, aurrekontuari egindako emendakinarekin, eskatzen du Sagardo Etxea proiektuaren inguruko azterketa bat egitea, eta horretarako 15.000 euroko partida bat gordetzea.
Beste emendakinarekin, eskatzen du 15.000 euroko partida aurreikustea terrorismoaren biktimentzako.
Azkenik, laugarren emendakinarekin, proposatu du Astigarraga osorako balioko duen mugikortasun plana idaztea. Horretarako beste 15.000 euroko partida proposatu dituzte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!