Santiagomendi-Landarbaso Paisaiarako Ekintza Planaren bideoa aurkeztuko dute etzi, astelehenean, Astigarragako Udalak eta Araudi enpresak. Aurkezpena udaletxeko Pleno aretoan izango da, iluntzeko 19:30etatik aurrera.
Bideo proiekzioarekin batera, etzi ezagutzera emango dituzte Paisaiarako Ekintza Planak utzi dituen emaitzak. Ondoren, DVDak banatuko dituzte.
Bideoa, drone batekin grabatua
Gobernu Taldeak Kronikara bidalitako prentsa oharrean azaldu duenez, bideoa drone bidez grabatu dute, eta Santiagomendi osoa zeharkatzen du airez: landalurreko leku esanguratsuenak erakusten ditu.
Udala, paisaiaren ekintza plana osatzen
Udalak gogoratu nahi izan du, azken hilabeteetan Santiagomendi-Landarbaso inguruaren Paisaiarako Ekintza plana osatzen aritu direla: «ekintza plan hau Udal Gobernuaren apustua izan da. Helburuak dira Santiagomendi-Landarbasoko eremuak antolatzea, babestea eta biziberritzea».
Bideoan, landa eremuko ezaugarri paisajistikoez gain, biltzen dira bertako biztanleen kultura eta tradizioa, eremua bera balioan jartzeko asmoarekin.
DVDa banatuko dute aurkezpenaren ostean
Astelehenean, bideoa aurkezteaz gain, Santiagomendi-Landarbaso Paisaiarako Ekintza Planaren egitasmoaren emaitzak ezagutzera emango dituzte. Baita ere, jakinarazi dute, proiekzioaren eta aurkezpenaren ostean, DVDak banatuko dituztela bertaratu direnen artean.
Hori horrela, Gobernu Taldeak astigartarrak gonbidatu nahi izan ditu: «landa inguruko biztanleen kultura eta tradizioa irudikatzen du bideoak, eremua bera balioan jarriz».