«Haurrengatik bizitzen ditugu pixka bat Gabonak, baina ez ditugu ospatzen»

Kronika - Erredakzioa 2016ko abe. 17a, 01:00

Gabon garaia da, hemen bizi diren kanpota­rren­tzat ere; batzuek ospatuko dituzte, eta beste batzuek ez: «guk, musulmanek, ez dugu Jesusen jaiotza ospatzen, noski», azaldu du Mohammed Sbaghik. Mahoma profetaren jaiotza ospatu zuten haiek, joan den astelehenean; abendua­ren 12an, edo Rabia EL Awal izeneko hilabetean, zehazki. Sandiusterrin elkartu ziren, ospakizuna egiteko, haur, gazte eta heldu. Eta kontzertuak, emanaldiak, irakurketak... egin zituzten.
Gabonak, berriz, ez ditu ospatzen Sbaghik: «haurrak dauzkagunez, zerbait egiten dugu, bizitzen dugu pixka bat, Gabonetan sortzen den giroa. Esate baterako, neroni joaten naiz haurre­kin, Olentzeroren etorrera eta Erregeen kabalgata ikustera, eta baserritarrez ere janzten ditugu. Eta opariak ere jasotzen dituzte», azaldu du: «izan ere, eskolan edo kalean bizitzen dute hori dena, eta etxean ere egin behar dugu zerbait». 
Hala ere, uste du momentuko zerbait bakarrik dela: «orain ilusioa pizten die, baina gero, heldua­goak direnean, utzi egingo dute, eta ez dituzte ospatuko Gabonak».

«Opor garaia denez, errazago elkartzen gara familian bazkaltzeko, hori bai»
Baina berez, ez dute ezer berezirik egiten Gabon garaian: «ez dugu bazkari edo afari berezirik egiten, baina opor garaia denez, errazago elkartzen gara familian bazkaltzeko, hori bai».
Sbaghik onartu du, hala ere, musulman batzuk hasi direla Gabonak ospatzen: «eta hemengo norbaitekin dabiltzanek ere ospatzen dute, noski. Bikotea bertakoa dutenek, haren familiarekin elkartu eta ospakizunetan egon beharra daukate».
Baina bestela, bi dira musulmanen ospakizun nagusiak: «batetik, Ramadanaren hurrengo eguna; nahitaez ospatu behar da. Eta bestetik, Arku­mea­ren Festa, Arkumearen hilabeteko 12an. Arkume bat hil, eta familian elkartuta jaten dugu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!