«Gabonetan pentsatzean, famili giroa eta familia elkartzea da aurreneko kolpean etortzen zaidana. Goxotasun horretan, giro ederrean elkartu, hitz egin eta bizitza elkarbanatzea», dio Xabi Arraztiok: «teorikoki, ospatzen dugu Jesus jaio zela, berri ona, esperantza. Baina gizarte konsumista batean bizi gara, eta gauzak azaletik bizitzen dira, zoriontasuna gauza materialetan bilatuz: kotxe berri bat, mugikor bat...».
Eta bere ustez, Gabonek ere hartzen dute tendentzia hori, oparietan pentsatuz, gauza materialetan. Baita otordu bereziek ere: «otordu pila bat egiten dira, eta inportantzia ematen diogu, zein menu prestatuko dugun. Eta opariena eta bazkariena ondo dago, baina ez dugu funtsa ahaztu behar, eta da opari garrantzitsuena pertsonak garela. Familia elkartzea, gauza guztien gainetik baloratzen dut».
Horixe da seme-alabei ere transmititzen dietena: «opariak jasotzearena berez ikasten dute. Eta hori konplementatzen dugu, historia kontatuz, Jesus nor izan zen, nola jaio zen...; eta nabarmenduz zer den inportanteena, familian elkartzea. Baina erraza da hori erakutsi eta bideratzea, jaiotzaren bat ikustean, edo argiekin...».
«Guraso zarenean, umetako ilusioa pizten zaizu berriro, 24ko gauean»
Arraztiok dio, berezia izaten dela 24ko gaua: «aurreneko egun berezia denez, goxotasuna nabaritzen duzu. Baina umeak izanda, gainera, gau magikoa izaten da. Guraso zarenean, umetako ilusioa pizten zaizu berriro. Ume izatera bueltatzen gara pixka bat».
Eta arraztiotarrek familian, Urte Zahar eta Urte Berri egunak dira garrantzia berezikoak: «denak elkartzen gara Hernanin, eta gure jokuetan aritzen gara; guk asmatutako joku batean ere aritu ginen duela bizpahiru urte! Lau belaunaldi daramazkigu Hernanin, eta familiaren historia ez galtzeko, ia 300 galderako joku bat asmatu genuen; aiton-amonak non ezkondu ziren, ez dakit noren aurreneko kotxea zein koloretakoa zen...». Garai batean, etxean elkartzen ziren: «baina orain ia 30 gara, eta soziedadean ospatzen dugu».